Orain Hernanik argitaratutako prentsa-oharrari erantzun zion Luis Intxauspe alkateak herenegun, Jasota Bezala atalean. Eta orain, OH! berak erantzun dio.
«EH Bilduk aprobetxatu egin du antzezpen edo teatrillo hitza erabili izana, kritika nagusia nahi duten moduan bideratzeko», dio OH!k prentsa-oharrean. «Hala, Hernaniko herri osoaren inteligentziari iraintzen diote, eta hori, errespetu falta bat iruditzen zaigu», jarraitzen dute.
«EH Bilduk aprobetxatu egin du antzezpen edo teatrillo hitza erabili izana, kritika nagusia nahi duten moduan bideratzeko»
Erraustegiaren eta dispertsioaren kontra
Hain zuzen, argitu nahi dute zein zentzutan egin zuten kritika: «Udal Gobernuaren jarrera kritikatu genuen, espazio publiko osoa hartzeagatik, herritar guztiena den hori, EH Bilduri botorik eman ez dion %54 horrena ere bai».
Horrez gain, onartzen dute: «EH Bilduk ederki asko dakien bezala, Orain Hernani dispertsioaren kontra dago erabat, eta hala adierazi izan dugu, publikoki ez ezik, baita Plenoetan eta kaltetutako senideek aurkeztutako mozioetan ere».
Hori bakarrik ez: «EH Bilduk ere badaki Orain Hernani erraustegiaren aurka dagoela eta atez ateko sistemaren alde, sistema hoberik aurkezten ez den bitartean, ingurumenarekin eta guztion osasunarekin errespetuzkoa dena».
«EH Bilduk ederki asko dakien bezala, Orain Hernani dispertsioaren kontra dago erabat»
Aurreskua, Korporazioaren topaleku
Horregatik guztiagatik, Orain Hernaniren ustez, aurreskua dantzatu egin behar zuten: «une horretan erakutsi beharko genuke Korporazio osoak, ezberdintasunak ezberdintasun, duela helburu bezala Hernani hobetzea; eta ez aldarrikapen alderdikoiak egin, horretarako aukera pila bat baitaude urte osoan zehar».
Bide batez, beste kontu bat ere gogorarazi diote EH Bilduri: «maskarillak jarri zituzten urtea gogorarazi nahi diegu. Aurten ere erabili ahal izan dituzue Hernaniko airea kutsatuta dagoelako, eta oso gaizki usaintzen duelako. Hori errealitate bat da, eta Udal gobernuak ez dio konponbiderik bilatzen».