Duela 100 urteko matxinada irudikatuko dute, Zinkoenean

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 24a, 02:00

Asteazkenean, San Joan jaien azkeneko egunean, abiatuko da San Joan Konpar­tsa­ren desfilea. Baina oraingoan, Plaza­tik abiatuko dira, arratsaldeko 18:30etan, eta Zinkoenean egingo dute antzerkia.

Izan ere, Zinkoenea izan zen, aurten gogora ekarriko duten gertakizunaren erdigunea, kokaleku nagusia: duela 100 urte, 1918ko apirilaren 2an, goberna­do­re­a­ren kontra altxa ziren hernaniarrak, biruela edo baztanga zeukaten gaixoak, Lasartetik ekarri eta Milagrosako erie­txera sartzea galarazteko.

«Egun batzuk lehenago jaso zuen abi­xua, Jose Maria Ubarrechena alka­teak, Hernaniko osasun inspektorearen esku­­tik: Lasarteko Lizarraga etxean, bi baz­tanga kasu agertu ziren, eta bere­hala hartu zituzten neurriak inguruan; hipo­dro­moaren inguruetan, hain justu, jockey, prestatzaile, ukuiluzain eta hipi­karen munduko gainerakoei txertoa jarriz. Baina egun gutxitara, beste bi kasu agertu ziren etxe berean, eta hurrengoa, Lasarteko aguazila izan zen. Kontzeju Etxean bizi zen bera, nesken eskolak zeuden leku berean», kontatu du San Joan Konpartsak.

Egoera horren aurrean, Hernaniko alkateak proposatu zion, Lehen Irakas­kuntzako inspektoreari, eskola egoki­tzea baztangadunen ospitale izateko; esko­la­ko neska bat kutsatu baitzen ordu­ra­ko, eta eskola itxi egin behar izan zuten. Baina ezezkoa eman zion ins­pek­­toreak, eta Pinofiel gobernadore zibila­ren­­ga­na jo zuen alkateak. Azken honek, ordea, gaixoak Milagrosako ospitalera erama­tea agindu zuen, azalpenik eman gabe.

Gobernadorearen jarreraren aurrean, herritar guztiak borrokarako prest
Erabaki hura, ez zitzaien egokia iruditu Hernaniko agintariei, baina bereari eutsi zion gobernadoreak. «Bere alde zituen kazetariak eta, ziur asko, inauguratu berria zen hipodromoarekin lotutako interesak zeuzkatenak», azaldu dute.

Horren aurrean, Udalak, eta Osasun eta Ongintza Batzordeek, erabaki zuten gaixoak herrian ez hartzea, eta arazoari konponbidea bilatzeko, batzorde bat sortzea. Baina gobernadoreak, hitz egin ere ez zuen nahi izan, batzorde horre­kin. Jarrera horren aurrean, borro­kara­ko prestatu ziren herritarrak: «herritar guztiak zeuden, baztangadunak hurbil­duz gero bidea ixteko prest; gizonak, emakumeak eta haurrak. Herriaren sarreran, Agustindarren komentuaren ondoan, ikaragarrizko hesia egin zuten; enborrak, habeak, kupelak, gurdiak... Elektrikari batek, goi-tentsioko kable bat moztu, eta kalea zeharkatuz jarri zuen. Emakumeek, olio irakinez bete zituzten lapikoak, gizonek Zinkoeneako teilatutik behera guardia zibilari bota­tzeko. Eta ospitalean zeuden gaixoak etxe partikularretan hartu, eta petrolioz igurtzi zuten ospitalea, behar izanez gero su emateko», kontatu dute.

Emakumeek, guardia zibilei fusilak kendu, eta zaldiei atzera eginarazi
Egoeraren larritasuna jakinarazi zion Portas poliziaburuak gobernadoreari, eta Hernanira joan zedin agindu zion gobernadoreak. Alkatearekin bildu zen Portas, eta hernaniarrak proposatu zion, gaixoak ez ekartzearen truke, 24 ordu­tan docker ospitale bat eraikiko zutela herritarren laguntzarekin, Lasarte ingu­ruan, gaixoak bertan hartzeko. Horren berri eman zion Portasek Pinofieli, eta jakinarazi zion, gaixoak ospitalera sartu eta babestu behar izanez gero, gizon, emakume eta haurren odola isuri be­har­ko zutela. Horren aurrean, atzera egin zuen gobernadoreak, eta propo­sa­mena onartu zuen.

Baina bitarte horretan, baztanga­du­nen aurreneko kotxea ikusi zuten, Ga­la­rretan barrena herrira zetorrela, eta kan­paien hotsei erantzunez, borro­ka­ra­ko prest jarri ziren herritarrak. «Bere­ziki nabarmena izan zen emaku­me­en lana. Mikela Garmendiak eta Asun­txion Erraz­­kinek, fusilak kendu zizkieten guardia zibilei, eta zaldien uhalei eutsita eta bultzaka, zalditeria kontrako norabi­de­an jartzea lortu zuten. Haien adorea iku­si­ta, gainerako andreek ere bat egin zuten erre­boltarekin, eta lortu zuten eskoltek amore eman eta Lasartera itzultzea». Ausardia eta kemen hura aza­le­ratuko du, asteazkenean, San Joan Konpartsak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!