Aurtengo axeri dantzak berrikuntza nabarmen bat dakar, lehenengo aldiz egun guztietan mistoa izango da. Orain 22 urte inguru bi egunetik hiru egunetara axeri dantza egotera pasa ziren. Hirugarren egun horretan mistoa antolatzea erabaki zen. Duela urte gutxi San Joanetako lehendabiziko egunean, Gazteen Axeri Dantza sortu zen eta aurten betiko axeri dantzan, hau da, ekainaren 25 eta 26koan neskek ere hartuko dute parte, Txantxangorri elkarteak antolatzen duen ekitaldian.
«Udaletxeak proposatu zigun neskak sartzea lehenengo bi egunetan, hirugarrenean egiten den bezela. Sokak beteta zeuden eta bilera baten ondoren lau mutilek adierazi zuten neskei lekua egin eta beraien lekuak utziko zituztela» argitzen dute arduradunek.
Axeri dantza antolatzeak bere denbora behar izaten du eta gauzak ongi prestatu behar dira dena ongi irteteko. Esperientziadun jendea behar da eta axeri dantza egun guztietan mistoa izatera nola iritsi den azaltzen dute. «Kronikan agertu zen albistea eta interesatuak antolatzaileekin kontaktuan jarri ziren». Guztira hiru izango dira lehenengo bi egunetan sokan maxkuriarekin bizkarrak berotzen ariko diren neskak: Anne Arbelaitz, Ainhitze Kalonje eta Ianire Cortes.
Anne eta Ianirentzat lehenengo esperientzia da axeri dantzako sokan. «Ni Langileko axeri dantzan atera izan naiz inauterietan» dio Ainhitzek.
Betidanik axeri dantza zaleak izan dira hirurak eta hori izan da bertan parte hartzeko arrazoi nagusia. Horrela dio Ianirek: «Txikitatik urtero egon izan naiz eta beti izan dut ilusio hori. Jonekin kontaktuan jarri eta animatu nintzen bertan parte hartzera».
Ainhitze Kalonjeren kasua desberdina izan da. «Berdintasun sailetik etorri zitzaizkidan neskek parte hartuko zutela esanez eta nahi zuten neska kirolariak animatzea. Zalea izan naiz beti eta animatu nintzen».
Berdintasun sailetik esan bezela kirolaria izatea edo behintzat forman egotea izaten da axeri dantzan parte hartzeko baldintzetako ia bakarra. Arduradunek beste bat ere azaltzen dute. «Sartzen diren berriak gazteak izatea ere nahi dugu, urteetan taldeko partaide eta esperientzia hartzen joateko. Honekin lortu nahi da jarraipen bat, bloke bat osatu eta denen artean koordinatuak egotea».
Anne ere sokako kideekin jarri zen kontaktuan bertan parte hartzeko asmoarekin. «Hernaniarra izanik, axeri dantza berezia da niretzat, eta aurten ateratzeko aukera izateak ilusio berezia egiten dit». Ekainaren 25ean Ainhitze eta Ianire irtengo dira sokan eta 26an seguruenik hirurak, nahiz eta oraindik ez dagoen guztiz erabakita.
Orain arte axeri dantzako antolakuntzan eta sokan dabiltzanek ongi hartu dute neskak sartzearen pausoa. Gehiago aurreratzen dute. »Aurrera begira asmoa da tokia sortzen den heinean neska gehiago sartzea. Momentuz bi toki geratu dira eta horregatik sartuko dira oraingoz bi edo hiru».
«Prozesu naturala izango da» diote antolakuntzatik. «Oso lasai gaude, gure kezka bakarra izaten da jendea forma fisiko onean egotea eta badakigu hiru aukeratuak kirolariak direla. Oso lasai gaude. Jendea segituan ohitzen da eta bosgarren minuturako blokean sartuta egongo dira».