Adostasun erabatekoa, jangelari dagokionean izan ezik

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 23a, 02:00

Asteazkeneko Plenoan sei puntu aztertu zituzten, eta azkar joan zen prozesua, adostasuna erakutsi baitzuten zinegotzi guztiek.

Zazpigarren puntuan, aldiz, EH Bilduk eta PSE-EEk elkarrekin mozioa aurkeztu zuten, jangela haunditzearen inguruko obrari lotuta, eta hor agertu ziren desadostasunak. EAJ-PNVko zinego­tziek aretoa uztea erabaki zuten, eta beraz, haien abstentzioarekin eta EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin, onartu egin zen.

Etxez etxeko laguntzetako aldaketa, jendaurrean
Gai ordeneko puntuak azkar az­tertu zituzten. Aho batez onartu ziren aurreko plenoko akta eta etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal araudian aldaketa egitea. Azken honen kasuan, orain 30 egunez egongo da jendaurrean araudi hori, nahi duenak erreklamazioak egiteko aukera izan dezan.

Aho batez onartu zen baita ere Udalaren eta Euskal He­rriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena. Zo­rio­ne Etxe­­zarraga alkateak azaldu zuen ekimen desberdinetarako hi­tzarmen zehatzak egin­go di­rela aurrerago, eta kasu bakoi­tzean beharrak aztertuko direla.

Santiomendiko aterpe eta natur eskolaren kudeaketa-kontratua luzatzea ere, aho batez onartu zen. 2019ko abuztuaren 31ra arte Sasoi-Sport S.L. enpresak jarraituko du kudeaketaren kargu egiten.

Azkenik, bost eta seigarren puntuak ere aho batez onartu zituzten: alkatearen eskumenak plenoari emateko dekretu aldaketa eta kontratazio espedienteak irekitzeko akordioak. Udaletxearen funtzionamendua errazteko, baldintza tekniko eta administratiboen aldaketak zirela azaldu zen.

Jangelarako proiektu berria idazteko eskaera, mozioan
Bukatzeko, mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk elkarrekin, Herri Eskolako jangela haunditzeko obrei lotuta.

«Aurkeztutako jangelaren haundipen proposamena bertan behera uztea» eskatu dute EH Bilduk eta PSE-EEk.

Andoni Gartzia, EH Bilduko bozeramailea kexu azaldu zen, batetik, jangela haundi­tzeko proiektua «oposizioari aurkeztu ez» izanagatik». Era berean, adierazi zuen «EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek Astiga­rra­ga­ko Herri Eskolak OOGk egiten duen eskaerarekin bat» egiten dutela. Hori ho­­rrela, mo­zioaren bidez, bi alderdiek es­katu zuten «Asti­ga­rragako Herri Esko­la­ko Gu­ra­soei eta Zu­zen­da­ritzari aur­keztutako jan­gelaren proposamena behin-betikoz bertan behera uztea; 2017ko ekainaren 21ean Udal Osoko Bilkurak aho batez hartu zuen erabakia oinarri hartuta, gainean gu­txienez solairu bat bermatuko duen jangelaren haundipena aurreikusiko duen proiektua 2018an idaztea; 2019ko udan, gutxienez, jangelaren haundipena egitea; eta erabaki hau Astigarragako Herri Eskolako Zuzendaritzari eta Guraso El­kar­teari, Udaleko Hezkuntza, Obrak eta Zer­bitzuak eta Hiri­gintza sailei eta Gipuzkoako Hez­kuntza Ordez­karitzari jakinaraztea».

EAJk azal du jangelaren haundipena bultzatzen ari dela, «Hezkuntzak onartu duen lan-ildoa jarraituz».

Zorione Etxezarraga alkateak, berriz, azpimarratu zuen «aurreko haundipena egin zuten arkitektoekin» aritu dela Udal Gobernu Taldea lanean, Delegaritzak esan be­zala «aldi baterako gelak bi­latzea ez genuelako ikusten». Hain zuzen, horregatik bururatu zitzaiela Arrobitxuloko proposamena. «Ez dugu egin aurreko legegintzaldiarekiko desberdina den ezer». Gaine­ratu zuen «Hezkuntzak onartu duen lan ildoa jarraituz haundipena bultzatzen» ari direla. 

Mozioa bozkatzeko unean, EAJko zinegotziek aretoa utzi zuten, desadostasuna adieraziz, eta beraz, EAJren absten­tzioarekin eta EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen mozioa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!