Estreinakoa ederra izan zela, eta bigarrenez antolatu dute, Kronikaren San Joanetako II. Mus Txapelketa Mistoa. Bihar bertan izango da, San Joan egunean, arratsaldeko 17:30etan hasita.
Atsegindegin izango da aurten; baina eguraldi txarra egiten badu tokiz aldatuko dute, bertan ekintza gehiago egingo direlako. Kasu horretan, Gay Murreko patioan jokatuko litzateke, joan den urtean bezala.
Izenematea, 17:00etatik aurrera
Partidak 17:30etan hasiko dira, eta izenematea ordu erdi lehenago zabalduko da, 17:00etan. Edozein kasutan, badira aurrez izena eman duten bikoteak ere, eta gaurko egunean zehar ere apuntatu daiteke; horretarako, hiru aukera: idatzi mezua jon@kronika.eus helbide elektronikora edo 688 660 714 whatsappera; edo deitu 943 33 08 99 telefonora.
Bihar, 17:00etatik 17:30etara izango dira izenemateak, eta orduan egingo da partiden zozketa, berehala txapelketari hasiera emateko. Izenematea 20 euro dira bikoteko, eta baldintza bakarra da, bikoteak mistoak izatea: neska bat eta mutil bat. Bikoterik ez daukatenak ere apuntatu daitezke, eta zerrenda bat egingo da, bakarrik apuntatzen direnen artean bikoteak osatzeko. 14 bikote izan ziren guztira, aurreneko edizioan.
Sari ederrak, hiru bikote onenentzat
Tapeteak prest daude, kartak ere bai... Eta baita sariak ere! Sari potoloak jasoko dituzte, txapelketako hiru bikote onenek. Bikote txapeldunak, txapela bana jasoko du, noski! Eta baita sari hauek guztiak ere: trofeoak, oroigarriak, lau txuleta, Arriatzu dendak jarritako bi barazki saski, bi otordu Akarregin, eta Kide tabernak emandako bi botila ardo. Finala galtzen duen bikotea ere, ez da esku hutsik joango: oroigarriak, bi pala artistiko, bi otordu Errioguardan, Akarregi sagardotegiak jarritako bi kaja sagardo, eta Aitan-Etxe tabernak emandako bi botila ardo eramango ditu.
Eta hirugarren posturako lehian ere, ohorea baino askoz ere gehiago izango da jokoan. Hirugarren sailkatzen den bikoteak, sari hauek guztiak lortuko ditu: oroigarriak, Ibai-Mendi dendako erosketa bonoa, Balerdi harategiak emandako gazta bat, eta Aitan-Etxek jarritako bi botila ardo.
Beraz, karta jokoan ‘esku ona’ duenak, sariak etxera eramateko ere beharko ditu esku onak! San Joan jaiak ospatzeko modu ederra, behintzat.