1968an Teodoro Setien ‘Tedy’ Elur Txoriko elkartekidez gain herriko zinegotzia zelarik, zuzendaritza taldeko lehendakari zen José Ezeiza ‘Caruso’ri proposatu zion elkarteak San Joanetako Euskal Jaialdia antolatu zezala. Honela txertatu zen San Joan jaietako programan Euskal Jaialdia eta aurten beteko du 50garren urteurrena. Txantxilla futbol zelaian ospatzen hasi ziren eta antolatzeko 35.000 pezetako dirulaguntza jaso zituen.
Urte guzti horietan, mende erdian, ez da beti ekainaren 27an ospatu. Jaialdia ostegun edo igandetan antolatu nahi izaten zen, hala ere, jaialdia 1989tik gaur egun arte ekainaren 27an ospatzen da.
Jaialdiaren izendapenak eta kokaguneak ere urteekin aldaketak izan ditu. Hasiera batean Euskal Jaialdia izena zuen eta Txantxillan ospatzen zen. 1976an, San Joan egitarauan azken egunari ‘Baserritarren Eguna’ deitu zitzaion eta jaialdia egun horretako ardatz izatera pasa zen, beti ere arratsaldez. Jaialdia ospatu ez den urte bakarra 1978an izan zen. Elorrabin gertatutako istripua zela eta bertan behera geratu zen.
Txantxillan antolatzen zen, hiru urtez Atsegindegin eta 1996tik Tilosetan
1990, 1991 eta 1992an Atsegindegin egin zen jaialdia eta 1993an berriro ere Txantxillara itzuli zen eta baita hurrengo hiru urteetan. 1996an Tilosetan antolatu zen eta gaur egun ere bertan ospatzen edo jokatzen jarraitzen da.
2000garren urtean jaialdia ‘Herri Kirolen erakusketa’ deitu izan zen, eta 2002an beste aldaketa garrantzitsua etorri zen; jaialdia eguerdiko hamabietan jarri zen, bertan ere bertsolariak beren saioa egiten jarraitzen zutelarik.
Hurrengo urtean, 2003an, Jesus Mari Irazu bertsolari eta orduko Kronikako kazetariak eta Mikel Armendariz elkartekideak elkarrizketa bat izan zuten eta San Joanetan Bertsolaritzaren presentzi urriaz jabetu ziren. Beraz, adostasun batera iritsi ziren eta Elur Txori bi ekitaldi antolatzen hasi zen: ekainaren 26an, arratsaldez bertso saio bat Gudarien Plazan; eta ekainaren 27an eguerdian, herri kirolen erakustaldia Ezkiaga pasealekuan. Gero bertso saioak azken egunera bueltatu dira, arratsaldez.
Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga Hernanin hasten da
Aldaketa sakona 2006an etorri zen. Ordura arte herri kirol erakustaldia izaten zen, baina urte horretatik aurrera Egur Sport enpresa hasiko da antolatzen. Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligaren barruan kokatuko du jaialdia Egur Sportek. Gainera azken urteetan Liga Hernanin irekitzen da, lehenengo jardunaldia delarik, eta bertan aizkolaririk hoberenak lehiatzen dira.
Idi probak ere izan dute lekua Jaialdian urte batzutan. 2008an hasi ziren eta orain hiruzpalau urterarte antolatu izan dira.
Gaur egun Patxi López da Elur Txoriko lehendakaria eta idi probak 2015ean antolatzeari utzi ziotela dio. «Animalisten eskakizunak bultzatuta» eta orain «bolatoki mugikorra» jartzen da idien ordez Plazan. «Erakustaldia izaten zen idi-proba. Intxaurburu eta Inaxio Telleria hernaniarren idi pareek hartzen zuten parte. Lurrak harria ederki jaten zuen».
Arria II, Olasagasti eta Iñaki Perurena ia urtero etortzen ziren
Izen haundiak pasa dira Hernaniko herri kirol jaialditik, baina hiru aipatu behar dira denen gainetik. Iñaki Perurena, Inazio Orbegozo ‘Arria II’ eta Joxe Mari Olasagasti. Hirurak ia urtero etortzen ziren, batez ere Perurena eta Arria II. Momentuko harrijasotzailerik entzutetsuena zen leitzarra eta aizkolaririk hoberena, Miel Mindegiarekin batera, azpeitiarra. Txantxillan aritzen ziren eta oroitzapen onak utzi dituzte. Gero Olasagasti ere hasi zen etortzen. Orduan aizkoran bakarrik ez, txingekin, korrika... denetarik egiten zuten.
Ahari talka ere egoten zen, baita tiro pitxon eta plater tiraketa ere. Azken urteetan Txapeldunen Ligaren eraginez Hernanin lehiatu dira aizkolari haundienak: Miel Mindegia, Donato Larretxea, Anjel Arrospide, Floren Nazabal, Olasagasti, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Jon Rekondo, Arria V, López Azpilikueta... eta aurten denen ahotan dabilen Iker Vicente ariko da Mikel Larrañagarekin batera. Hiru aizkolari onenen artean dauden bi aizkolari.
Harrijasotzen ere ibiliak dira Teodoro Usategieta, aipaturiko Iñaki Perurena, bere semea Inaxio, Aimar Irigoien, Inaxio, Izetatarrak, Joseba Ostolaza, Miren Urkiola, Maria Jesus Sardón...
Egur Sportek hartu izana antolakuntzaren erantzunkizuna ona izan da Elur Txorirentzat. «Enborrak beraiek ekartzen dituzte, aizkolariak eta harrijasotzaileak nortzuk izango diren ere bai. Gainera momentuko onenetarikoak etorriko direla zihurtatzen du Ligak». 90garren hamarkadaren amaieran eta 2005 urte arte erakustaldi desberdinak antolatu ziren; aizkolariak ez ziren punta puntakoak eta lanak desberdinak ziren, zutika gora igota, atxurrarekin... «Guk aurrekontua zenbatekoa den jakin behar dugu eta noski ordaindu».
Bertso jaialdian ere beti etorri dira puntako bertsolariak. «Lankuren bitartez kontratatzen ditugu. Hilaren 26an antolatzen zen Plazan eta 27an Tilosetan, baina azken urteetan erabaki dugu 27koa bakarrik mantentzea. Plazan egitea zaila zen, Ttarlakoen dantza egoten da eta justu ibiltzen ziren prestatzeko. Beti saiatzen gara Maialen Lujanbio ekartzen».
Hori bai, aurten Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Miren Amuriza eta Julio Soto ariko dira bertsotan. Jose Luis urdangarin delarik gai jartzailea.