Ostegunerako luzatu zien deialdia, Hernaniko Bilgune Feministak, Udaleko, Berriak elkarteko eta Txosna Batzordeko kideei. Eta Tilosetan elkartuta, deia luzatu zuten, jai parekideen alde: «hartu dezagun guztiok, herri jai parekideen aldeko konpromisoa». Hori horrela, hernaniarrei eskatu zieten, «herri bezala» eta autodefentsa feministarekin erantzuteko, eraso sexisten aurrean.
«Festak herriaren nortasun, jendarte egitura eta bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazle dira. Gaur egun, jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Izan ere, jarri al gara pentsatzen, zer nolako jai eredua dugun? Norentzat egiten ditugu jaiak? Nor dago jaietan eta nor falta da?», adierazi du Bilgune Feministak.
Eta gaineratu du, «jendartean eman nahi ditugun aldaketek», herriko festetan ere izan behar dutela isla, «jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Festetan, guztion partehartzearekin, tradizioa eta ordena irauli eta birsortzeko aukera dago, gozamena erdigunean jarrita, emakume guztiok jaiak askatasunez bizitzeko».
Baina gogorarazi dute, jaiak «erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe» bilakatzen direla, «droga ezberdinen kontsumoaren justifikazio eta aitzakiapean, jai eremu eta egunetan era guztietako eraso sexistak sarriago gertatzen direlarik: irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak...», salatu dute.
Horren aurrean, festak «denontzako espazio seguru eta gozagarria izateko» lan egitea, denon ardura dela nabarmendu dute: «bide horretan, ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzioan, zein erantzun eta protokoloetan, denok konpromisoa hartzea».
Eta azkeneko oihu bat ere egin dute: «jaiak ere borroka esparru direlako, ez dugu eraso sexistarik onartuko, ez txosna gunean, ez tabernetan, ez kalean, ez inon. Ozen diogu, ez ezetz da!».
EGITARAUA:
Gaur,
18:00, txosna irekiera eta pintxopotea.
00:00, DJ Albabarruna eta DJ Mola.
Ekainak 24
21:00, Duo Jade. Ondoren, emakume, bollera, transen afari-pikoteoa (norberak berea eraman)
Ekainak 25
20:00, Dantza ikastaroa.
21:00, Ni Yuta ni Tuya (Errekaleor), kumbiapunk.
Ekainak 26
19:00, Batukada, txosnatik.
23:00, Karaokea.