«Hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla da», esaldiarekin hasi zuten atzo Hobeki, hondakinen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren aldeko udalerrien elkartearen aurkezpena Galarretako Orona Ideon.
Bertan izan ziren Hernani, Larrabetzu, Leintz-Gatzaga eta Donemiliagako udaletako ordezkariak, Elkartea bera eratu dutenak, eta ondoren, batu zaizkien Gipuzkoako Segura, Zaldibia, Berastegi, Usurbil, Oiartzun, Antzuola; eta Bizkaiako Berriatuakoak ere.
Guztiek, «erabateko konpromisoa dugu hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuarekin», azaldu dute.
Helburuak eta printzipioen berri
Aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, udalerri askok «urteak» daramazkite «esperientzia desberdinak jorratzen» hondakinen kudeaketaren inguruan. Eta horregatik, hain zuzen, sortu dute Elkartea: «lan horretan konturatu gara elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia- nahiz iritzi-trukaketa ez dela behar bestekoa izan». Hortaz, «elkarlana eta koordinazioa» helburu dituen elkartea izango da Hobeki.
Elkartearen beraren helburua zehazteaz gain, erakundea osatzen duten Udalek onartu dituzten printzipioen dekalogoa eta lau konpromezuen berri ere eman dute.
Printzipioen artean daude: osasunaren eta ingurugiroaren zaintza lehenestea; herritarrak eta erakundeak elkarrekin joatea; herritarrak ahalduntzea; azpiegitura lokalak lehenestea, etab.
Konpromezua hartu dute, halaber horiek betetzeko, eta beren artean komunikazioa izateko, herrietan egiten diren ekintzen berri emanez.
Herri partaideen lana, gainera, webgune batean jaso dute: www.hobekielkartea.eus.
Hobekiren printzipioak
- Osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dugu hondakinen kudeaketan. Ez da kudeaketa onik herritarron osasuna arriskuan jartzen badu, edo naturari kalte egiten badio.
- Herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu. Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu, eta gizalegez jokatu beharra azpimarratzen. Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzea, aldiz, ez da inoren eskubidea. Kostu ekonomikoak portaeretara doitu behar dira: ez da onargarria jokabide egokia dutenei besteen utzikeria ordainaraztea.
- Herritarrak ahalduntzeak eskatzen du, lehenik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea; bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaltzea; eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.
- Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hori naturara itzuli behar da, kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai.
- Edozein tratamenduren abiapuntutzat dugu murriztea. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago, erakundeen inplikazio irmoz.
- Bilketak eraginkorra izan behar du, horretan oinarritzen baita ondorengo tratamendua. Langintza horri dedikatzen zaiona, aurreragoko inbertsioa da. Gaika biltzeak alderdi kuantitatiboari nahiz kualitatiboari dakarkio hobekuntza. Bilketaren emaitza neurtu, ebaluatu eta hobetu beharra dago etengabe, eta zeregin horretan beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira.
- Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak.
- Europako jarraibideek agindutakoarekin bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan. Europako erakundeek garbi adierazi dute gaur egun ez duela zentzurik erraustegirik eraikitzeak, Europak lehen ere sobera dituelako horrelako azpiegiturak. Ezetz diegu, halaber, zabortegi konbentzional kutsakorrei.
- Azpiegitura lokalak lehenesten ditugu, tokiko garapena indartzea eta garraioa murriztea dakartelako, besteak beste. Era berean, azpiegitura eskalagarrien alde egiten dugu, azpiegitura zurrunak baztertuz, etorkizuna hipotekatu gabe garaian garaiko baldintzetara egokitzeko aukera ematen dutelako. Multinazionalen negozio-gosearen aurretik, herritarren interesa lehenesten dugu.
- Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie. Hondakinen sailkatze gero eta finagoa eta xeheagoa beharrezkoa da, eta material egokiak erabiliz, horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko teknologietan inbertitu beharra dago.
Hobekira batu direnek hartutako lau konpromisoak
- Elkartearen printzipioak onartzen ditugu, eta hondakinen politika printzipio horien arabera garatzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Udalerriaren unean uneko egoeraren berri emango diogu elkarteari. Horretarako, ahalegina egingo da adierazleen taula osatzen, datuak lortzen, eta eskuratutako datuak elkarteari jakinarazten. Horrela, urteetako bilakaera jasotzeko eta erregistratzeko konpromisoa hartzen da. Egoeraren arabera, udalerriak mailaka sailkatuko dira elkartearekin bat egiten duten momentuan.
- Udalerriko hondakinen kudeaketarako plangintza bat diseinatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartzen da. Plangintza horretan jasotako neurriak eta helburuak koherenteak izango dira elkartearen printzipioekin.
- Tratamendu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izateko konpromisoa hartzen da. Zabortegi konbentzionalen edo errauste-planten ordez, bestelako tratamendu jasangarriak hobetsiko dira.