Prest daukate dena Goiz Eguzkiko taberna-jatetxea berriro ere irekitzeko. Eta hala egingo dute, hain zuzen, bihar; eguerdiko 12:30etan hasiko dute, Goiz Eguzkiko egoitzan bertan. Ekitaldi irekia izango da, eta horregatik, deia egin diete herritarrei, bertan parte hartzeko.
Udalarekin, hitzarmena
Biharko irekieraren aurretik sinatu dute hitzarmena Hernaniko Udalak eta Gureak Taldeak, Goiz Eguzkiko taberna eta jatetxea ustiatzeko. Asteartean egin zuten hori, eta bertan izan ziren Xabier Lertxundi Zerbitzu Sozialetako presidentea, eta Iñigo Apalategi Gureak Taldeko ordezkaria.
Egokitze-lan batzuk, ireki baino lehen
Berrikuntza eta egokitze-lan batzuk egin ditu Udalak asteotan, herritarrentzat ireki baino lehen. Hortaz, Udalak azaldu duenez, «itxura berria izango du ireki berrian».
Nabarmendu dutenez, «barra jangela aldera ireki da, eta sarbidea ere hortik izango da».
Eskaintza ere, berrituta
Horrez gain, eskaintza ere berritu egin dutela diote Udaletik: «adinekoei zerbitzua emateaz gain, herritar guztiei ireki nahi dizkio ateak».
Gainera, beste txoko bat ere erabilgarri jarriko dute, Goiz Eguzkiren egoitza gehiago erabiliz: «kanpoaldean, parke aldera, mahaiak jarriko dira, eta barruan zein kanpoan, menuak, ogitartekoak, plater konbinatuak, eta haurrentzako merendolak ere eskainiko dituzte».
Bost langile izango dira; lan aniztasun funtzionala dute, guztiak euskaldunak dira, eta gehienak, Hernanikoak.
Ordutegi zabala, herritarren zerbitzura
Hortaz, herritar guztiei irekita egongo den zerbitzua izango da Goiz Eguzkiko taberna-jatetxea. Eta hori aurrera eramateko, ordutegi zabala izango dute, hemendik aurrera: astegunetan, hau da, astelehenetik ostegunera, goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara irekiko dute; eta ostiral eta larunbatean, gainera, ordutegia zabalagoa izango da, afariak zerbitzatuko baitituzte.
Horrez gain, nabarmendu dutenez, «bertako produktuek izango dute lekua» han.
Bost langile
Bukatzeko, adierazi dute bertan egingo dutela lan aniztasun funtzionala duten bost lagunek, guztiak euskaldunak eta gehienak, Hernanikoak.