Emakumeen kirola ikusarazteko aukera izan zuten aurreko asteazkenean Patri Espinar pelotariak, eta Ainhoa Tolosak, Kayak Surfeko munduko txapeldunak. Beren eginbeharraren inguruan aritu ziren solasean: «ohore bat izan da, haiek entzutea», azaldu dute.
Hitzaldiaren helburua izan zen, besteak beste, «emakumeak ikusaraztea».
Topera beteta, gela
Hernaniko egoitzako aniztasun-gelan eskaini zuten hitzaldia, hura topera beteta zegoela. Eta ez ziren bakarrik azaldu, «beren kiroletan erabiltzen duten materiala eraman zuten: Ainhoa Tolosak kayaka, eta Patri Espinarrek, pelota».
Material horien berezitasunak azaltzeaz gain, «emakumeen kirola ikusezina» dela aipatu zuten. Adibide bezala Patri Espinarrek esan zuen munduko txapelketan babes ekonomikorik ez duen partehartzaile bakarra dela.
Horrez gain, biek nabarmendu zuten bidaiak beren poltsikoetatik ordaindu behar dituztela, txapelketa garrantzitsuenetan parte hartu nahi badute behintzat.
«Umiltasuna eta hurbiltasuna», goraipatzekoak
Espinarrek eta Tolosak, beren ibilbidearen nondik-norakoak azaltzeaz gain, bertaratutako erabiltzaileei galderak ere erantzun zizkieten, baita alderantziz ere. Gainera, antolatzaileek esandakoaren arabera, «txalo zaparrada haundiak jaso zituzten behin baino gehiagotan».
Bertaratutakoek oso atsegintzat jo dute topaketa, eta bi kirolarien «umiltasuna eta hurbiltasuna» goraipatu dute.
Emakumeak, ikusaraztea
Hain zuzen, «emakumeak ikusaraztea» izan zen aurreko asteko hitzaldiaren asmoetako bat, baita «kiroleko balioak zabaltzea» ere. Eta hori guztia kontuan hartuta «emakumeek euren lanbidean jarraitu ahal izateko egin behar duten ahalegina».