Pozik egoteko moduan dira ereñotzuarrak. Bukatu dira auzoko festak, bai; baina modurik onenean eman zieten bukaera, atzokoan. Eguraldi ederrarekin eta egunaz gozatuz, irripar batekin agurtu zen San Antonio, datorren urtera arte. Giro polita nagusitu zen auzoan, goizeko zein arratsaldeko ekintzetan.
Pelota partiduekin hasi zuten eguna, eta neskak izan ziren frontoira ateratzen aurrenekoak. Lehia estua bezain polita eskaini zieten ikusleei, eta Patri Espinar eta Maider Mendizabal nagusitu ziren azkenean. Mutilen partiduarekin batera, sagardoaz eta pintxoez ere gozatu zuten bertaratuek, eguerdi partean. Eta arratsaldean, bertso jaialdiak jarri zuen jaien azken traka.