Bukatu da Herriarteko Txapelketa, hernaniarrentzat. Esku pelotariak final laurdenetan geratu baziren kanpoan, palistek ostiralean esan zioten agur txapelketa herrikoiari, semifinaletan, final haundia jokatzetik koxka bakarrera.
Ez zeukaten lan erraza, Donostia faboritoaren kontra, eta are zailago jarri zitzaizkien gauzak, joanekoan 1-2 galdu ondoren, 16 tantoren desabantailarekin. Baina zailtasunak zailtasun, ondo lehiatu zuten hernaniarrek bueltakoa, herriko zaleen aurrean, eta azkeneko partidura arte eutsi zieten, finala jokatzeko aukerei.
Aritz Murgiondok haunditu zuen esperantza hori, aurreneko partidua, buruz burukoa, 20-12 irabazita, Unai Aroztegiren kontra. Kanporaketa 2-2 berdinduta zegoen horrekin, eta 8 tantora murriztu zuen desabantaila.
Baina beste bi partiduetan, nagusi izan ziren donostiarrak, bere mailarik onena emanda. Binakakoan, Eneko Lujanbiok eta Aiheko Zubimendik ezin izan zieten aurre egin, Santiago Ubeda eta Xabier Huegun donostiarrei (12-20). Hala ere, aukera bazeukaten oraindik hernaniarrek, finalean sartzeko; baina ia ezinezkoa zen: 20-4 irabazi beharra zeukan Iñaki Kerejetak. Eta aurreko asteburuan berak lortu bazuen Hernaniren garaipen bakarra, galdu egin zuen oraingoan, Xabier Elejalderen kontra (8-20).