«Imajinatzen duzue 10-15 urte barru, honek jarraipena daukala?», galdegiten zioten bere buruari Miguel Mari Lizartza, Luis Berrondo eta German Perezek 1994an, Preludioa denaren proiektua martxan jartzen hasi zirenean. Oso gazteak ziren, helduenak 27 urte zituen, eta gazteenak, aldiz, 23 bat: «oso ausartak izan zineten», nabarmendu du Ruth Martinek, egungo zuzendari artistikoak.
25 urte beranduago eta gaurko 25. Preludioaren aurretik, mahai baten bueltan elkartu ditu Kronikak, Ruth Martin bera, Miguel Mari Lizartza, eta Joxe Ramon Berrondo, Luis Berrondo zenaren anaia, eta Musika Bandako kidea. Hiruen artean, Preludioaren sorrera eta egungo egoera aztertu dute.
Beraiek ereindakoak jarraipena izango du gaur, 25garrenez; aurtengoan, eguraldi txarra iragarrita dagoela-eta, Atsegindegin izango da, gaueko 22:30etan hasita.
«Sukalde lanak» hiruen artean
Musika Bandako kide ziren hirurak, Lizartza, Berrrondo eta Perez, eta gainera, aurrenekoa, Zuzendaritzako Lehendakari ere bazen: «beste taldeekin harremanetan jartzeko ofizialtasun puntu bat ematen zidan horrek».
Lizartzak ez du gogoan nola sortu zitzaien ideia: «orduan Manolo [Sagarna] zen Musika Bandako zuzendaria; berarekin egindako entsaioen ondoren izango zen seguruenik, asko pentsatu gabe». Eta horrela, pixkanaka egin zituzten «sukalde-lanak» modu pribatuan, eta azkenean, «sartu ginen ‘tinglado’ batean... baina ilusioa egiten zuen ‘tinglado’ bat zen!».
«Nik gogoratzen dut azkeneko hilabetea bilerak egiten eman zenutela, horietako asko gure amaren etxean, eta berak hornitzen zintuzten oilasko erreaz», gogorarazio zion Joxe Ramon Berrondok Miguel Mari Lizartzari.
Hain zuzen, bertan eman zuten Preludioko eguna ere, dio Lizartzak: «gora begira pasa genuen eguna, Elizako kanpandorreari begira, euririk egingo ote zuen; eta zuen ama [Berrondori] esaten: egingo du, ez du egingo...». «Azkenean, eguraldi ikaragarria egin zuen», ziurtatu zuten bai Lizartzak, baita Berrondok ere.
Ez dakite, ordea, zer gertatuko litzakeen hala izan ez balitz: «agian hurrengo urtean ere saiatuko ginake antolatzen, baina indarrak ez ziren berberak izango».
«Pozten naiz ikustean aurreneko urtetan kontra izan genituen batzuk ilusioarekin, Preludioan parte hartzen», onartzen du Miguel Mari Lizartzak.
Herriko taldeak elkarrekin, aurrenekoz
Behin ideia izanda, eta kontu batzuk zehaztuta, taldengana jo zuten hiru hernaniarrek: «aurreneko pausua izan zen talde bakoitzeko zuzendariekin biltzea». Izan ere, «herriko talde guztiak elkarrekin ez genuen ezer egin, orduan, zaila zen denak batera eszenatokian elkartzea», onartzen du Lizartzak.
«Harrera ona izan zuen», nabarmentzen du, eta «lortu zen denak toki batean egotea, elkarlanean»; horri esker, eszenatokiaren gainean bat egin zuten herriko egungo taldeek: Musika Bandak, Txistulari taldeak, Parrokiko Koroak eta Kantuz Abesbatzak. Gainera, Axeri Dantzak ere toki berezia izan zuen, eta dantzariek ere parte hartu zuten.
Urteak pasatu ahala, partaideak gehitzen joan ziren, eta egun, 200dik gora partehartzaile biltzen ditu Preludioak. Hasierakoez gain, bertan izango dira gaur: Hernani Musika Eskola Publikoko eskusoinu taldea eta abesbatza; Ozenki abesbatza; Ttarla dantza taldea; txalapartariak; alboka-joleak; dultzaina-joleak; piano-jolea; gitarra-jolea; baxu-jolea; abeslariak...
«Zerbait berezia eskaini nahi genion herriari»
Herrian musika munduan zebiltzan taldeak elkartuta, helburua argi zeukaten: «zerbait berezia eskaini nahi genion herriari». Eta horretarako, hainbat kontu behar beharrezkotzat jo zituzten. Hasteko, Plazan izan behar zen: «guk eszena fantastiko bat irudikatzen genuen, idilikoa: San Joanen gainean, udaletxea eta eliza atzean izanda, biak argiztatuta», gogoratzen du Miguel Mari Lizartzak.
«Eta izena ere, zuen ideia izan zen, ezta?», galdetzen dio Ruth Martinek. «Bai, hori ere bai. Hala ere, kontzertua San Joanen aurretik egitea kasualitatea da; pentsatzen dut egin genuela festetako programa beteta zegoelako», ez du oso argi Lizartzak.
1998an egin zen Preludio Txikia aurrenekoz: «hori harrobia sortzea da», nabarmendu dute Miguel Mari Lizartza eta Joxe Ramon Berrondok.
Udalarentzat, «apostu haundia»
Udalarekin harremana ezinbestekoa izan zen, baita ere. 1994. urtea zen, Joxan Rekondo zegoen alkate, eta Joxe Ramon Lasarte zen, orduan, Kultura zinegotzi: «[Lasartek] apostu haundia egin zuen, baita Arantxa Laburuk ere, orduko Kultura teknikariak», onartzen dute Lizartza eta Berrondok. «Udalak oso ondo hartu zuen, nahiz eta asko borrokatu behar izan genuen, apostua oso haundia zelako, eta beraz, beraien aldetik, inbertsioa ere haundia zelako».
Gainera, gogoan dute Elizarekin ere, hitz egin behar izan zutela, «arratsaldean Meza zegoen, eta tablatua jarri behar genuen abesbatzak kokatzeko».
Herri osoa mugitzeko gaitasuna izan zuten, hortaz, Lizartzak, Perezek eta Berrondok.
Belaunaldi ezberdinen, topaleku
Elementu amankomuna dute azkeneko 25 urtetako Preludioek, eta hori da, hain zuzen, «hernaniar sena», Joxe Ramon Berrondok nabarmendutakoaren arabera. Miguel Mari Lizartzak dioenez, hasieratik hori izan zen asmoa, «politikoki non kokatua zinen kontuan hartu gabe, herri guztiak kontzertuan parte hartzea». Eta politika bakarrik ez, belaunaldi ezberdinen kokaleku ere izaten da San Joanetako Iragarpen Kontzertua: «adin-tartea ikaragarria da», dio Ruth Martinek. Eta hori nabaria da, bai oholtza gainean, eta baita publikoaren artean ere.
«Urrats inportantea elkarbizitzaren alde»
Izan ere, Miguel Mari Lizartzak gogorarazi du 1994aren bueltan «testuinguru politikoa» oso desberdina zela, eta orduan «zaila» zela «ideia desberdinetako jendea ados jartzea». Horregatik, Lizartza pozik agertu da: «pozten naiz ikustean aurreneko urtetan kontra izan genituen batzuk ilusioarekin, Preludioan parte hartzen». Orduan, pentsatzen du: «hori zen gure ideia, hain zuzen: engantxatzea jende desberdina. Eta lortu da, eta orain, inork ez dio oztoporik jartzen!».
Berrondoren ustez, garai horretan, «urrats inportantea izan zen elkarbizitzaren alde».
Dena den, Lizartzak dio badagoela zerbait beren hasierako ideiarekin bat egiten ez duena: «gure ideia zen ekitaldi kultural bat egitea, inongo konnotazio politikorik gabe, eta orain hasieran, erabilera politikoa ematen zaio».
«Jendeak gauza bera nahi du»
25 urte hauetan aldaketa gutxi egon direla onartu dute: «azken finean, jendeak gauza bera nahi du», onartzen du Miguel Mari Lizartzak. Eta Ruth Martinek gehitzen du: «nola urtean behin den, ez zara nazkatzen».
Dena den, Martinek berak nabarmentzen du «espektatiba dagoeneko sortuta» dagoela: «orokorrean, urtero ondo ateratzen da. Hankak lurrean jarri behar ditugu, eta pentsatu zeintzuk garen; ez gara profesionalak, bakoitzak bere denbora librea jartzen du. Gure helburua da, aurreko urteko mailari eustea, eta ahal bada, oroitzapenak hobetzea».
Horrez gain, Joxe Ramon Berrondoren ustez, «aldaketa gogorrak egitea arriskutsua» izan daiteke; izan ere, «kontua da Plaza egiten dela, eta hori mantendu beharra dago». Hortaz, bere ustez, hobe da «aldaketa txikiak» egitea.
Preludio txikia eta aurkezleak, aurrerapauso garrantzitsuak
Hain zuzen, aldaketa horietako bat izan zen aurkezleak jartzea. Miguel Mari Lizartzaren ustez, «Preludioa horrela presentatu eta ematen dioten txispa ematea, kontzertua bezain garrantzitsua da; kontzertua bera eta festa osoa aberastu egiten dute».
Osagarri gisa sortu zen 1998an Preludio Txikia, eta hori ere, goraipatu egin dute Lizartza eta Berrondok: «hori harrobia sortzea da; futbolean gertatzen den bezala».
Aldaketa garrantzitsua, aurten
Dagoeneko badago figura bat emanaldia bera koordinatzen duena; hori da, hain zuzen, zuzendaritza artistikoarena, Ruth Martinen esku dagoena 2004. urtetik: «hasieran aurkezleen gidoiak egiteko deitu ninduten, baina espektakulua koordinatzeko eskatu zidaten, gero».
Eta orain, beste pauso bat eman dute: Xabier Zabala izango da aurten zuzendari musikala. «Erabakia hartu da lana errazteko», azaldu zuen zuzendari artistikoak.
Dena den, Lizartzarentzat, «faltan botatzen dut satelite bat, ideia berriekiekin etorri, eta egun automatizatua dagoena puskatzea pixka bat».
PRELUDIOA, DATUTAN
Eguraldiak askotan baldintzatu izan du San Joanetako iragarpen kontzertua:
- Bertan behera geratu zen: 1997an, 2004an, 2010ean, eta 2012an.
- Atsegindegin egin zen: 2007an, 2011n, 2015ean eta 2016an.
- 1998an ez zen antolatu.
Preludio interaktiboa eta parte-hartzailea, aurtengoa
Xabier Zabala musikaria izango da Preludioko Zuzendari musikala: «egitaraua osatu dut kontuan hartuz protagonistak izan behar dutela 25 urte hauetan aurrera eraman dutenak».
Bere figura izango da 25garren Preludioko berrikuntza nabarmena; Xabier Zabala musikari zarauztarrari egokitu diote aurrenekoz Preludioko Zuzendari Musikala izatea, eta helburu argiarekin izango da gaur Hernanin: «oholtza gainean dauden hernaniarrak, eta Hernaniko herri osoa protagonista izatea».
Izan ere, ondo azaldu diote Preludioa zer den hernaniar batentzat: «kultura teknikariak deitu zidan, eta azaldu zidan 25 urte betetzen dituzten honetan zerbait berezia egin nahi zutela; esplikatu zidan zer zen, baita bere historia ere». Dena den, Zabalak aurretik ere bazekien: «Hernaniko lagunen bat badaukat, eta beti entzun izan diet Preludioaz hitz egiten; badakit hernaniarrentzat oso inportantea dela, urtero gustora bizitzen dutela».
«Egitarau festiboa eta herrikoia»
25 urteurreneko Preludioan, beraz, bere lana izan da «hori guztia koordinatzea, egitaraua osatzea, eta partiturak idatzi eta moldatzea».
Betidanik, kontzertuak herritarrekin izan duen lotura hartu du kontuan. Horregatik, «kontzertu interaktiboa» sortu du, «jendeak parte hartu dezan».
Zabalak azaldu duenez, «egitarau festiboa eta herrikoia izango da, abesti bizi eta alaiez osatua; euskal kultura eta abestietan oinarrituz, betidanik entzun ditugun abestiak egongo dira. Denetarik entzungo dugu».
25. PRELUDIOA: EGITARAUA
1. GAZTELUGATXEKO MARTXA.
Egilea: Kepa Junkera.
2. BALTSEN POT-POURRIA.
Egilea: Herrikoiak.
3. Sorotan Bele: Zortzi orduko ekaitza, Arratsalde honetan.
Egilea: Mikel Errazkin & Gorka Sarriegi.
Bakarlaria: Naroa Jaka.
4. XOXUA.
Egilea: Pepe Yanci.
Bakarlariak: Jon Ansorena, txistua; eta Maider Ugalde, eskusoinua.
5. AKERRAK ADARRAK OKERRAK.
Egilea: Korrontzi.´
6. HEMEN GAUDE.
Egilea: Eñaut Elorrieta.
Hitzak: Joseba Sarrionandia.
Bakarlaria: Amaia Azkue.
7. TXORIA TXORI.
Egilea: Mikel Laboa.
Hitzak: Joxan Artze.
Bakarlaria: Nahia Valle.
8. ERRE ZENITUZTEN.
Egilea: Xabi Solano.
Gonbidatuak: Xabi eta Kris Solano.
9. LORETXOA.
Egilea: Benito Lertxundi (Gatiburen bertsioa).
Bakarlaria: Amaia Azkue.
10. KALEJIREN POT-POURRIA.
Egilea: Herrikoiak.
11. MENDIRIK MENDI.
Egilea: J.A. Erauskin.
12. SAN JOAN ZORTZIKOA.
Egilea: Herrikoia.
Hitzak: M. Lekuona.
Moldaketa: Joxan Goikoetxea.