San Antonio egunarekin festa, asteburura itxaron beharrik ez da!

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 9a, 02:00

Dagoeneko jarri dituzte aurre­neko festa zertzeladak Ereño­tzun, aurreko igandeko Kros Txikiarekin eta Mendi Laster­ke­tarekin, eta atzoko Mus Txa­pelketarekin. Eta ez dute datorren asteburura itxaron beharrik izango, festa lehertzeko!

Datorren asteazkenean, San Antonio egunez, hasiko dira Ereñotzuko jaiak. Katiluzar Gu­raso Elkarteak botako du txupinazoa, eta egun osoan izango da zerekin gozatu: herri kirolak, bertsolariak, dantza emanaldia, pelota partiduak eta afaria. Egun eder bat, asteburuan izango den festa haundiari bidea egiteko.

Izan ere, ostiraletik igandera, ez da ezer faltako Ereño­tzun. Auzoko festa eta ekintza guztietan bezala, protagonismo berezia izango dute txikienek eta Txirrita eskolak, eta ostiral arratsaldean egingo dute ikasturte amaierako jaialdia, jaien barruan. Baita jolasak eta me­rienda ere, segidan, Katiluza­r elkartearen eskutik. Harri tira erakustaldia, musika eta afari herrikoia, borobiltzeko.

Eta asteburuan, herri kirol, musika, jolas eta bertso artean, Hernaniko Gazte Olinpiadek ere ez dute galduko aukera, beste urte batez, Ereñotzura jo eta giro pixka bat jartzeko. Ber­tan bukatuko dituzte aurtengo Olinpiadak, larunbatean.

 

KATILUZAR GURASO ELKARTEA:

«Aurtengoa ikasturte berezia izan da, eta oso polita izango da txupinazoa botatzea»

Auzoan «presentzia haundia» izan du Katiluzar Guraso Elkarteak aurten, eta beraiek emango diete hasiera San Antonio jaiei.

Berezia izango da San Antonio eguna, auzoko jaiei hasiera emango diena, ereñotzuar guz­tientzat; baina are bereziagoa izango da, Katiluzar Guraso Elkarteko kideentzat. Izan ere, beraiek botako dute, jaiei hasi­e­ra emango dien txupinazoa.

«Oso oso polita izango da, txupinazoa guk botatzea. Ede­rra da auzoaren parte sentiaraztea, jaien parte», azaldu du Agurtzane Auzmendik, guraso elkarteko presidenteak.

Sorpresaz harrapatu du no­tiziak: «egia da aurten presen­tzia haundia izan dugula au­zo­an, eta beharbada hortik da­tor txupinazoarena», dio.
Izan ere, ikasturte berezia izan da bukatzera doana, Kati­luzar Guraso Elkartearentzat eta Txirrita eskolarentzat: «ba­tetik, elkartearen organigrama erabat aldatu da, eta hiru kide izatetik, guraso guztiak parte hartzera pasa gara. Bestetik, guraso bat hil zen, eta horrek asko batu gintuen gainerakoak. Eta azkenik, Tabakalerako Es­kola Aldiriak proiektua, eskolako jolastokia eraberritzeko, oso potentea izan da».

Partehartze aktiboa izango du guraso elkarteak: merienda eta jolasak antolatu dituzte, ostiralean.

Hasieran nahiko abstraktua ikusten zuten proiektua, baina oso giro polita sortu da azkene­an, gurasoekin eta haurrekin, arratsaldero patioa berritzeko elkartuta, lanean buru-belarri.

Partehartze aktiboa, jaietan
Txupinazoa botatzetik harago, partehartze aktiboa izango du Katiluzarrek, jaietan. Horrela, ostiralean bertan, Txirritako ikasturte bukaerako jaialdiaren ondoren, haurrentzako jo­la­sak, merienda, HiSelfie lehia­keta... antolatuko dituzte.

«Auzo txikia eta eskola txikia gara, eta beraz, guztiok jarri behar dugu gure partetik, jai politak izateko. Gainera, 72 ikasleen gurasoak gaude elkar­tean, auzotar asko gara bertan gaudenak», dio Auzmendik. 

SAN ANTONIO JAIAK
EKAINAK 13, asteazkena
12:00
, Katiluzar Guraso Elkarteak ha­siera emango die jaiei, suziriak jaurtiz. 
Jarraian, Herri kirolak, Ereñotzuko plazan: Aimar Irigoien eta Hodei Iruretagoiena (Izeta IV) harrijasoitzaileak, eta Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerza aizkolariak.
Ondoren, Bertsolarien saioa: Unai Agirre eta Agin Laburu.
17:00, Ereñotzuko eta Ttarla taldeko dantzarien emanaldia.
18:00, Pelota partiduak: mutilak eskuz (Agirre-Insausti/G.Arizmendi-E.Ariz­men­­di) eta neskak palaz.
20:00, Afaria frontoian, norberak etxetik eramandakoarekin. Edaria, aulkiak eta mahaiak jarriko ditu Jai Batzordeak.

EKAINAK 15, ostirala
15:00,
Txirrita ikastetxeko ikasleen ikasturte amaierako jaialdia.
16:30, Haur jaialdia, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta: jolasak, merienda, HiSelfie gaztetxoentzat...
19:00, Emarri taldearen eta Ereñotzu­ko gazteen harri tira erakustaldia.
20:30, Kistiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilarien aurreneko saioa.
21:00, Herri afaria frontoian. Txartelak salgai Irrintzi tabernan.
Jarraian, Kistiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilarien bigarren saioa.
00:00, Denok plazara! Denak aurreskua dantzatzera!
00:30, Beñat Igerabide bakarlariaren kontzertua, txosnan.
Ondoren, DJ DZ.

EKAINAK 16, larunbata
11:00-13:00
, Puzgarriak, frontoian.
Egun guztian zehar, Hernaniko Gazte Olinpiadak.
17:00-19:00, Bola eta toka. Hernaniko Bola Txapelketaren aurreneko tiraldia.
18:00, Desafioa, aizkoran eta korrika, futbol zelaian: Roxario Pikabea eta  Arria VI, Arria Vren kontra.
20:30-21:30 eta 00:30etatik aurrera, Laiotz taldearekin parranda.

EKAINAK 17, igandea
08:30
, Hernaniko txistulariekin diana, bailaran barrena.
11:30, Pelota partiduak: emakumeak eskuz (Espinar-Mendizabal/Arrieta-Ruiz de Larramendi) eta gizonezkoak eskuz (Labaka Aizpitarte/Arrieta-Apezetxea).
12:00, Sagardo dastaketa plazan, 
Ur-Mia elkarteak antolatuta. Sagardo­tegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko-Lastola eta Larre-Gain.
18:30, Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Aimar Karrika.
Ondoren, Errifaren zozketa, eta jaiei bukaera emateko suziriak.

AUTOBUS ZERBITZU BEREZIA
Larunbat gauean, autobus zerbitzu berezia izango da. 
Hernanitik, 00:00etan eta 03:00etan, Zinkoeneatik abiatuta.
Ereñotzutik, 00:30etan, 03:30etan eta 07:00etan.ç

ELIZKIZUNAK, SAN ANTONIO ELIZAN
Ekainak 13, asteazkena
08:00
, Meza.
10:30, Meza nagusia.

Ekainak 17, igandea
10:00
, Meza nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!