Plastikozko poltsak kobratzea, debekurako lehenengo pausua

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 16a, 02:00

Dagoeneko ofiziala da; hainbat aldaketen ondoren, uztailaren 1etik aurrera, plastikozko pol­tsak ordaindu egin beharko dira, eta saltoki eta denda txikiek ezin izango dituzte debalde banatu. Hala adierazi zuen Direktiba bidez Europar Bata­su­nak 2015ean, eta hala arautu du Espainiak aurten. 

Horren arabera, plastikozko poltsa gehienak ordaindu be­har­ko dira, baita konpostagarriak ere, ‘oso arinak’ izan ezik, frutarekin, barazkiekin... erabili ohi direnak, alegia.
Horrez gain, poltsek derrigorrez markatu beharko dute birziklatzeko modua, eta poltsa-ekoizleek banaketa-kopuruak jakinarazi beharko dituzte.

Murriztea helburu, 2020 arte
Kutxa Ekoguneako Kontsumo Ja­sangarriko arduradunak, Ama­ia Otazok azaldu bezala, «orain arte boluntarioa izan da kobratzea, eta gomendatzen zen neurriak hartzea, legea bidean zegoelako». 
Otazok dio, hau «aurreneko pausua» dela: «poltsei eragin die aurreneko pauso honek hainbat arrazoiengatik: batetik, kontsumitzaileak kon­tzien­tziatzeko mo­­du azkarra delako, bide erraza; eta bestetik, bizitza motzena daukana delako, hau da, erabiltzen hasten dugun momentutik, uzten dugun arte 15 minutu besterik ez dira pasatzen batez beste».

Kutxa Ekoguneako arduradunak, datuak ere eman ditu: «kontzientzia landu baino lehen kalkulatzen zen 350 pol­tsa kontsumitzen zirela urtean pertsonako; ondoren, 150 pol­tsara pasa zen; eta lege honekin, helburua da 2019an 90 poltsa izatea pertsonako». 

Berriak elkartearen ustez, Hernaniko denda txikiak «kontzientziazioan lanean daramakite denbora dexente».

Lodieraren arabera, prezioa
Hori guztia bermatzeko, hiru pol­tsa mota bereizi ditu Le­geak, eta horren arabera, gomendatu ditu prezioak: normalak, 10 zentimora; pixka bat lodiagoak, 15 zentimora; eta konpostagarriak, 5 zentimora.

«Pozten gara murrizpenetik etorri delako soluzioa»
Otazok azaldu du, Kutxa Ekogu­nearentzat albistea positiboa dela: «lehenengo pauso bat da plastikoaren erabilera gutxitzeko. Pozten gara murrizpenetik etorri delako soluzioa, eta ez birziklapenetik; hau da, ekoizpenari eragiten diolako, ez kontsumotik». 

Dena den, onartu du Kutxa Ekoguneak urteak daramazkila, kontsumitzaileak «trantsiziorako» prestatzen, eta horregatik sortu zituztela ‘On­tzi­ratu zaitez’ edo ‘Etxeko ura’ bezalako kanpainak. Horrez gain, nabarmendu du Lege berriak ez diola bakarrik «ingurugiroari eragiten; bertako ekonomiaren eta merkataritzaren alde egiten du, hautu bat da herri bizi eta kalitatezkoaren alde».

«Merkatariek lan haundia izango dute»
Hain zuzen, herriko dendari txikiak izango dira Lege berriaren eragina ikusiko dutenak. Berriak Elkarteak, adibidez, urteak daramazki telazko pol­tsen erabilera sustatzen, ordezkariek azaldu bezala: «denda txikiak kontzientziazioan lanean daramakite denbora dexente: poltsa kopurua murrizten edo gaiaren inguruan bezeroei galdezka». Eta orain, «merkatariek lan haundia» izango dutela diote: «bezero asko haserretu egingo dira; baina dendari gehienek, begi onez ikusten dute».

Kontuan hartuta Lege berria indarrean sartuko dela eta  2020an poltsak guztiz desagertu egingo direla, Berriak elkarteak, poltsa berriak atera ditu, «modernoagoak» direnak; 3 euroan daude salgai. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!