Etxeko buzoietara iristeko zorian dago aurtengo San Joan jaietako egitaraua. Asteazkenean aurkeztu zuten, antolaketa lanetan ibili diren herritar, talde eta eragileek, eta Koro Etxeberria zinegotziak azaldu bezala, «boluntario ari diren hernaniarrei esker, jai parekideak, anitzak eta euskeraz izango ditugu».
Luis Intxauspe alkateak ere, «eskerrak» eman nahi izan zizkien denei, «egindako ekarpenengatik», eta gogorarazi zuen «jaiak ondo pasatzeko, gozatzeko egunak» direla, baina baita «herrian falta ditugunekin gogoratzekoak ere».
Era berean, nabarmendu zuten, jaien aurretik ere, egitaraua bete-betea datorrela; horren adibide, gaurko Preludio Txikia eta haurrentzako xake txapelketa.
20 eta 25 urte, Preludioek
Gaurko aurreneko ekitaldia Gerardo Plazaren XII. Oroimenezko haurren xake txapelketa izango da. Atsegindegin egingo da 17:00etan, eta ohi bezala larunbatean segi ordez, igandean jarraituko du aurten.
Baina beste ekitaldi potoloa, Preludioa izango da, Roberto Pachecok azaldu bezala. Umeena gaur egingo da, 19:00etan, hogeigarrenez. Tartean, Fernando Ederra musika irakaslea omenduko da, eta Txipititxonian kantua estreinatuko da. Joxan Goikoetxeak sortu du, Juan Kruz Igerabideren letrarekin; «garai bateko Hernanin, festa giroan, txarangetan ibiltzeko ohiturari deitzen omen zitzaion txipititxonian aritzea», azaldu du Goikoetxeak.
Helduen Preludioa, berriz, bihar izango da; berezia baita ere, 25garrena izango baita.
Ttarlaren urteurrena, Euskara Ari Duren ekimena, eta beste hainbat berrikuntza
Kattalin Artolak Ttarlaren izenean hitz egin zuen. «Ikasturte berezia» da aurtengoa, 25 urte betetzen dituelako, beraz, txupinazoa eta jaien amaiera taldearen esku izango dira. Hala ere, lehenago hainbat ikuskizun eman ditu, eta berezia izango da hilaren 22an Tilosetan egingo duen emanaldia ere, 18:00etan. Era berean, YouTuben zintzilikatu dute Bira produkzioak egindako dokumental laburra ere.
Bestelako berrikuntzen artean, aipatu zituzten biharko Axeri Bilaren eta ekainaren 23ko Akelarre Txikiaren ibilbide aldaketa; San Joan Konpartsaren ekainaren 27ko emanaldiaren leku aldaketa, Plazatik Zinkoeneara; edota Euskara Ari Duren ekainaren 26ko poteoa: «San Joanetan ere euskeraz gehiago hitz egitea» izango da helburua, Leire Otxotorenaren arabera. Andoni Tolosarekin batean, euskal musikarekin egingo da poteoa, Goiz Argi, Tiloseta, Rioja, Andre Kale, Txili, Plaza Berri eta Zinkoenean barrena.
Ikuzkinak eta musika, erruz
Musika eta ikuskizunak, berriz, barra-barra izango dira, haur, gazte eta helduentzat. Txosna Batzordeak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu.
Eta San Joanen aurretik, hilaren 22an, Fernando Ederra omentzeko ekitaldia izango da.
Axeri Dantza mistoa eta autodefentsa tailerra
Azkenik, Maialen Apezetxea berdintasun teknikariak nabarmendu zuen aurten aurrenekoz Axeri Dantza guztiak izango direla mistoak.
Era berean, neska gazteentzako autodefentsa tailerra antolatu da hilaren 19an, 16:00etatik 20:00etara Biterin, eta bihar bukatuko da izenemate epea.
PRELUDIO TXIKIA
-Orhiko Txoria (J.M. Beltran-H. Ezeiza)
-Gutarrak (Josu Zabala-H. Ezeiza)
-Belauntxingoa
-Sagar Dantza
-Natura (Arbola) (P.P. Berzaitz)
-Peter Gunn (Henry Mancini)
-Rolling in the deep (Adele)
-Vals nº2 Dom (D. Shostakóvich)
-Fernando Ederraren omenez
-AuiMaue
-Greziako Itsasontzia
-Urrutitik kantu (Mandoilek)
-Txipititxonian (J. Goikoetxea-J.K. Igerabide)
-Itsasoa gara (Ken Zazpi)
-Hernaniko Martxa
-Mendirik Mendi
-San Joan Zortzikoa