San Antonioetan murgilduta dabiltza Ereñotzun; asteazkenean bota zuten txupinazoa, baina gaurtik igandera bitartean izango dira festetako ekitaldi nagusiak.
Gaur, Txirrita ikastetxeko ikasturte amaierako jaialdia izango da festei segida ematen aurrenekoa; 15:00etan izango da. Ondoren, 16:30etan haur jaialdia egingo da, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta: jolasak, merienda, HiSelfie gaztetxoentzat....
Harri tira proba eta afaria
Arratsaldeko 19:00etan, berriz, harri tira erakustaldia egingo dute, Emarri taldeak batetik, eta Ereñotzuko gazteek bestetik.
Ondoren, 20:30etan aurreneko saioa egingo dute Kistiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilariek. Herri afaria egingo da gero, eta berriro ere trikitilariak hasiko dira.
Gaueko 00:00ak aldera, berriz, denak plazara gonbidatu dituzte, aurreskua dantzatzera, eta gauean zehar luzatuko da festa, Beñat Igerabiderekin, txosnan.
Olinpiadak, goizez
Festek asteburu osoan segiko dute. Gazte Olinpiadei dagokienez, goizean bakarrik egingo dira: bihar 09:00etan aterako dira autobusak Ereñotzura, eta herri kirolekin lotutako probak egingo dira 11:00k inguruan hasita. Bazkariaren ondoren, Iruñera joateko autobusak aterako dira, Altsasukoen aldeko manifestaziora.