Modurik onenean bueltatu da lehiara, Iñigo Llopis hernaniarra, lesio luze batetik errekuperatu ondoren. Igeriketa egokituko Berlingo Munduko Serieetan aritu da, joan den asteburuan, eta sekulako maila erakutsi du: Espainiako errekorra bota du, 400 metro eta 200 metro libreetan.
Ekainaren 7tik 10era, ostegunetik igandera, izan ziren Munduko Serieak. Ostegunean bertan lehiatu zen Llopis, 200 metro libreetan; 2:19,96 denbora egin zuen, eta B finalerako sailkatu zen. Finalean, seigarren izan zen, 2:16,17 denborarekin, Espainiako errekorra botatzeko.
Ostiralean, berriz, 100 metro libreetan lehiatu zen, eta 1:02,96 egin zuen. Eta larunbatean, bi probatan aritu zen. 50 metro libreetakoa, 29,84 segundutan osatu zuen.
Baina 400 metro libreetan egin zuen haundia: aurrena, 4:56,66 denbora egin zuen serieetan, A finalera sailkatzeko; eta bertan, laugarren postua lortu zuen, 4:44,02 markarekin. Horrekin, askogatik bota zuen Llopisek, Espainiako aurreko errekorra.
Asteburu honetan, berriz, igeriketa egokituko Espainiako Taldekako Txapelketa izango du hernaniarrak, Kataluniako Lloret de Mar herrian.