Elkartrukea egin dute ikasturte honetan, Hernani BHIn frantsesa ikasten ari direnek, Bordeleko Gustave Eiffel institutuko ikasleekin.
Martxoaren 14tik 16ra joan ziren Bordelera, DBH 4ko ikasle hernaniarrak, bertakoen etxeetara; eta Bordelekoek, maiatzaren 23tik 25era bueltatu zieten bisita, Hernanira etorrita.
Museoa, Darwin proiektua, parke botanikoa...
Bordelen egin zuten egonaldian, beste hainbat ekintzaren artean, elkarrekin bisitatu zuten Musée d’Aquitaine museoa, hiria ikusi zuten, Darwin proiektua ezagutu zuten, parke botanikoan izan ziren... «Gauza berri asko ikusi eta ikasi genituen, hemen egiten ez direnak; harrigarriak!», nabarmendu dute hernaniarrek.
Esperientziarekin «oso gustura» geratu dira, «frantsesa gehiago ikasi eta gauza berriak ikusi ditugulako»
Bordelekoak etorri zirenean, berriz, Hernanin barrena bisita gidatua egin zuten, eta baita luntx bat ere, ikasleek prestatua. Donostia ere bisitatu zuten Bordelekoek, hernaniarrak klasean ziren bitartean, eta azkeneko egunean, elkarrekin joan ziren Astigarragako Sagardoetxea museora. «Nahiz eta interesgarria izan sagardoa nola egiten den, onena izan zen eman ziguten janaria, gose haundia geneukan eta!», kontatu dute.
Esperientziarekin «oso gustura» geratu dira hernaniarrak: «alde batetik, frantsesa gehiago ikasi dugulako, eta bestetik, ezagutzen ez genituen gauzak ikusi ditugulako. Bordelekoak ere gustura geratu ziren, hemen egindako harrerarekin eta ekintzekin».