EH Bilduk EAJk Kultur Etxea diseinatzeko jarraitutako prozedura kritikatu du. «Apirileko plenoan, teknikarien txostenik gabe eta oposizioari inolako azalpenik eman gabe onartu nahi izan zuen Kultur Etxearen proiektua». EH Bilduk, proiektua onartzeko «teknikarien txostenak beharrezkoak zirela gogorarazi zion EAJri eta EAJk, gogo txarrez atzeratu behar izan zuen. Honen ondorioz, EAJ prentsan lotsagarri geratu zen, plenoaren kronika plenoaren aurretik bidali zuelako eta bertan, Kultur Etxearen proiektua onartu zela esaten zuelako. EAJren handiustearen adibide».
Kultur Etxearen proiektua, EH Bilduk 2016ko abenduaren 27an aurkeztutako proposamenekin bat dator. Proposamen horiek herriko eragile eta herritarrekin landu ziren eta eskaeren %70 jasotzen ditu gutxi gorabehera proiektuak. «EAJk berak ere herritarrekin batera egin duela dio baina errealitatea oso bestelakoa da. EAJk, duela urtebete, eragileekin bilera bakar bat egin zuen eta horretara mugatu da eragileen parte-hartzea. Herritarrekin ordea bat bera ere ez dute egin».
Kultur Etxearen diseinua Kultur Teknikariaren eskuetan geratu da batik bat. EH Bilduk beharrezkoa ikusten du Teknikari honen parte-hartzea baina ez du babesten herritarrak eta eragile gehienak bazterrean utzi izana. «Udal teknikariek (arkitektoak, aparejadoreak, informatikariak…) ere ezer gutxi esateko aukera izan dute eta orain, proiektua korrika eta presaka onartu behar denean, teknikarien ia 30 ekarpen eta baldintzekin onartu da. Begi-bistakoa izan da proiektua osatzeko EAJren estiloa: koordinazioa hutsaren hurrengoa, erabateko gardentasun eza eta parte-hartzea irreala».
Horregatik, EH Bilduk inoiz baino positiboago baloratzen du 2016aren amaieran herritar eta eragileekin egindako prozesua. «Horri esker eta Kultur Teknikariren eskutik, eragile eta herritarron hitza eta iritzia proiektuan txertatu ahal izan da. Penagarriena, EAJk urte eta erdi behar izan dituela horiek guztiak jasoko dituen proiektua egiteko. Baina hanka motz jaiotzen dela da okerrena: teknikariek adierazitako oinarrizko gabezia esanguratsuekin».
«EAJk, mila aldiz gezur bera errepikatzeagatik ez da egi bilakatuko»
EH Bilduk esanetan «EAJk behin eta berriz dio EH Bilduk aurreko legealdian Kultur Etxea ahaztu zuela baina hobe luke bide horretan gehiegi ez sakontzea. Lehenik eta behin, EAJri gogorarazi behar zaio EH Bilduk lortu zuela epeak ez zituen Kultur Etxeari epeak jartzea eta orain EAJk aurreratu du, ez dela gai izango epeak betetzeko eta ekainerako egon behar zena, iraila-urrirako atzeratuko dela».
EH Bilduk gobernuan, oposizioan zein kalean Kultur Etxearen alde lan egin duela dio eta ez duela inoiz honen aurka bozkatu. Ekainean EAJk promotorearekin zegoen hitzarmena berritzeko egin zen proposamenaren aurka bozkatu zuen «eta ez Kultur Etxearen aurka. Hitzarmen berrian, promotoreari Kultur Etxean 200.000 euro gutxiago inbertitzea baimentzen zitzaion eta trukean ia 100 etxebizitza gehiago eraikitzeko eskubidea emanaz eta Udalari eman behar zitzaizkion 18 etxebizitza barkatuaz. Beraz, EH Bilduk hitzarmen berriaren aurka bozkatuz, Kultur Etxearen alde egin zuen. EAJ ez bezala, EH Bildu ez da promotorearen txantajeen aurrean makurtuko. Ez lehen, ez orain ezta gero».
«Murgiazpi izena inorekin adostu gabe»
EAJk Kultur Etxe berriak Murgiazpi izena izango duela prentsa bidez aurreratu du «inongo batzordetik pasa gabe eta noski, dagokion plenoaren onarpenik gabe. EH Bilduk ez du izena begi onez ikusten. Murgia izeneko parkea badugu eta uste dugu euskal kulturaren ikur edo beste adiera batzuk berreskuratu beharko liratekeela Kultur Etxe berria izendatzeko: desagertutako baserrien izenen bat, herriko emakume garrantzitsuren baten izena, Astigarragako euskarazko adieraren bat».