Hasi dira San Antonio jaiak, Ereñotzun! Atzo bota zuten txupinazoa, Katiluzar Guraso Elkarteko kideek, eta auzoko emakumeak goraipatu zituzten balkoitik: «gora Ereñotzuko emakumeak!».
Hortik aurrera, festa giroak hartu zuen auzoa. Umoretsu ekin zioten, Unai Agirre eta Agin Labururen bertsoekin; «jubilatuen eguna dirudi», kantatu zuen Agirrek. Herri kirolek hartu zuten txanda gero, erakustaldi eder batekin; eta ederra izan zen, arratsaldean Ttarlako eta Ereñotzuko dantzariek eskaini zuten emanaldia ere.
Bihar izango dute segida jaiek. 15:00etan hasiko da Txirrita eskolako kurtso bukaerako jaialdia; 19:00etan harri tira erakustaldia, eta Kistiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilarien doinu artean, herri afaria egingo dute frontoian.