Atzo jokatu zuten, Tilos 7 Pasa txapelketako azkeneko finala, lehenengo mailakoa; larunbateko euriagatik atzeratu zena, hain justu. Eta atzokoan ere, aurreko bi finaletan bezala, ezustekoa izan zen.
Elejalde eta Navarro donostiarrek irabazi zuten, partidu eder bezain estuan, Salaberria eta Zubimendi faboritoen kontra (22-21). Atzetik joan ziren partidu osoan, eta azken-azkenean eman zioten buelta. Hori horrela, Aiheko Zubimendi hernaniarrak ezin izan zuen jantzi bosgarren txapela jarraian.
Ezustekoa izan zen, baita ere, larunbat goizean jokatu ziren bi finaletan. Nesketan, Alaitz eta Idoia ama-alabak ziren faborito, aurreko bi urteetako txapeldunak; baina sorpresa eman zuten Ekhiñe eta Garazi gazteek, 22-16 irabazita.
Eta bigarren mailako finalean, Agirre eta Mendigain izan ziren sorpresa eman zutenak. Final orekatua espero zen, baina Eskudero eta Beloki ziren faborito. Txapela, ordea, Agirrek eta Mendigainek jantzi zuten, 22-17 irabazi ondoren.
Atzo banatu zizkieten sariak, txapelketako sei bikote finalistei, azkeneko final borrokatuaren ondoren.