Haundia egin zuen igandean, beste behin, Anartz Artola Arin atleta hernaniarrak. Mendi lasterketen Espainiako Txapelketa jokatu zen Valentziako Borriol herrian, eta bertan izan zen Artola, jubeniletan. Baita lasterketa harrigarria egin ere! Hirugarren sartu zen helmugan, eta beraz, podiumera igo zen hernaniarra, Estatuko Txapelketan.
Maratoia osatu behar bazuten seniorrek (42 km), maratoi erdiko distantzian aritu ziren jubenilak: 21 kilometro, eta 1200 metroko desnibel positiboa. Eta 1:50:33 denboran osatu zuen ibilbidea, Artolak. Aurretik izan zituen Aragoiko Daniel Osanz (1:46:38), eta Andaluziako Nicolas Molina (1:50:06), Zegama-Aizkorri juniorreko irabazlea. Laugarrenari, berriz, hiru minututik gorako aldea atera zion hernaniarrak. 240 partehartzaile izan ziren guztira.
«Inoiz baino indartsuago» dagoela jakinda ere, podiumera igotzea urruti ikusten zuen, distantzia luze horietara jauzia egin berri duelako. Emaitza horrekin, denboraldi bikaina borobildu du. Hori bai, orain geldirik egon beharko du egun batzuetan, 4garren kilometroan, jaitsiera batean, harri bat jo eta nahiko zauri sakona egin baitzuen. Baina atseden hartuta, uztailaren erdialdera arte jarraituko du inguruko mendi lasterketak egiteko.