Porrota mingarria eskuz, eta aurrera egitea zaila palaz

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 12a, 02:00

Ez da asteburu ona izan, pelotari hernaniarrentzat, He­rri­ar­teko Txapelketan. Bereziki mingarria izan da esku pelotarientzat: final laurdenetako bueltakoa zeukaten jokoan, Azkoitian, eta 1-2 galdu zuten berriro. Horrenbestez, txapelketatik kanpo dira.

Bi partidu irabazi, eta bost tantoren desabantailari buelta eman behar zioten hernaniarrek. Eta hori lortzeko, ondo baino hobeto egin zituzten lanak, Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte seniorrek, 22-5 irabazita. Baina ordurako berandu zen: 15-22 galdu zuten Unax Uitzi eta Mikel Lasa kadeteek, eta 17-22 Xabier Salaberria eta Ekaitz Insausti jubenilek.

Palan, 20-19 irabazi zuen Iñaki Kerejetak, zazpi barruan, final haundira sailkatzeko esperantzari eusteko.

Hortaz, seniorren partidua jokatu baino lehen, kanporaketa galduta zuen Hernanik. «Zerbait gehiago egitea posible zelako sentsazioarekin» gelditu direla onartu dute.

Palistek, berriz, semifinaletako joanekoa zeukaten, Lo­iolan, Donostiaren kontra; txa­pelketa irabazteko faboritoaren kontra, hain justu. Etxekoak nagusitu ziren, baina gauzak zail jarri zizkieten hernaniarrek, eta aukerak badauzkate oraindik, aurrera egiteko.

Aritz Murgiondok, 9-20 gal­du zuen buruz buru; eta galdu egin zuten Eneko Lujanbiok eta Aiheko Zubimendik ere, binaka (14-20). Baina zazpi barru­an, esperantzari eusteko ga­rai­pena lortu zuen Iñaki Kere­jetak, 20-19 irabazita.

Bueltakoa ostiralean joka­tu­ko dute, 20:30etan kirol­de­gi­ko fron­toian, finalaren bila.

Neskentzat ate irekiak gaur, esku pelota probatzeko
Eta frontoian bertan, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte, gaur eta datorren aste­artean, esku pelota probatu nahi du­ten neska alebin eta infantilei zuzenduta. Arratsal­deko 16:30etan hasiko da sa­ioa, bi egunetan; eta gerturatzera animatu dituzte, nahi duten neska guztiak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!