Festen aurreko ekitaldi ugari, giroa jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 11a, 02:00

Gainean dira ia, San Joan jaiak. Ostiralean egingo da Preludio Txikia, 19:00etan, eta Preludioa, larunbatean, 22:30etan.
Bestelako ekitaldi gehiago ere izango dira, asteburuan, eta San Joanetarako prest egoteko hainbat eskaera ere, aste honetan egin beharko dira.

Xakea, Azeri Bila eta ur probak
Ostiralean, Preludio Txikiaren aurretik, Gerardo Plazaren oroimenez antolatzen den haurren xake txapelketa egingo da, 17:00etan hasita Atsegindegin. Bi maila izango dira: 11 urtetik beherakoena eta 12 eta 14 urte artekoena. 

Larunbatean izango du segida, eta baita beste hainbat ekitaldik ere: 09:00etan, Txantxangorrik antolatuta, V Compact Sporting jaurtiketa izango da San Martzial tiro eremuan; 11:00etan, Elorra­bin, batel estropada; ordu be­rean, kiroldegian, ur ludoteka eta ondoren, San Joan waterpolo txapelketa.

Arratsaldean, 17:00etan, bola jaurtiketa egingo da Ereñotzun; eta haur kategoriako karabina tiroketa txapelketa, Txantxangorrin. Azeri Bila haur lasterketa, berriz, 17:30etan hasiko da, Latsunbe kalean, eta helduena, 18:30etan. 

Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Hernani Sutan boxeo jaialdia egingo da kiroldegian. Preludioaren ondoren, igandeko ekitaldiek segiko dute San Joanak badatoztela iragartzen: aurorak, gimnasia erritmikoa eta palankariak izango dira.

Udaletxeko balkoia eta sua egiteko baimena
Bestalde, San Joanetarako prestatzeko hainbat eskaera ere egun hauetan egin behar dira.

Txupinazoa eta jaien bu­ka­era udaletxeko balkoitik ikusi ahal izateko eskaerak la­runbatera arte egin daitezke  udaletxeko HHZ zerbitzuan.

San Joan sua egiteko baimenak, berriz, ekainaren 18ra arte eskatu daitezke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!