«Fisikoak irauten du, irauten duena; indarrik ez dagoenean, buruak agintzen du»

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 16a, 02:00

Eider, zu izan zara irabazlea. Zer sentitu duzu? Eta zuk, Ismael, bere entrenatzailea zaren aldetik?
Eider Alonso: Ni harro senti­tzen naiz. Niretzat kriston esperientzia izan da eta ez nuen espero; hasieran ikusten duzu zaila izan daitekeela, baina ez da ezinezkoa.

Ismael Mateo: Nire aldetik, berdin, oso harro nago. Azke­nean, Eiderrekin harremana aspalditik daukat, ez da bakarrik orain, Conquisen kontuarekin. Judon ezagutu ginen, gero korrika… eta beraz, per­tsonalki, oso harro nago! Ez da nire meritua, berea da, baina nire zatia hor dagoela senti­tzen dut, eta horregatik, kontentu nago. 

E.A.: Gu oso berdintsuak gara, kasu honetan. Ez dugu zarata askorik egin behar ezer erakusteko. 

Hori uste duzu dela irabazteko gakoa?
E.A.: Ez, ez da gakoa. Azkenean bakoitza den bezalakoa da, baina gure estiloa hori da. Irabazten baduzu, ez du esan nahi hoberena zarenik. Edo galtzen baduzu, alderantziz, ez du esan nahi txarrena zarenik. 

Programan hasi aurretik, ba al zenekiten biek hartuko zenutela parte?
E.A.: Berak [Ismaelek] bazekin ni joango nintzela, baina nik ez. Han ikusi nuenean… kriston sorpresa hartu nuen! Nik hemen esaten nion: «Agian zu joango zara». Baina berak beti esaten zidan ezetz, bera ez zela joango, eta sinistu egiten nion.

«Neskak animatzen ditut parte hartzera. Posible da!»

Eider, eta nola entrenatu zenuen joan aurretik?
E.A.: Azkenean jarraitu nuen ni­re betiko martxarekin. He­men [Hernaniko Denontzat gimnasioan] soka asko entrenatzen dugu. Horrez gain, iuma egin nuen bi aldiz.

I.M.: Gimnasioan bereziki, ho­rrelako ariketak eta kirol mota lan­tzen dugula pilo bat. Gaine­ra, Eider nahiko osoa da atleta bezala, orduan, ez du ezer berezirik egin behar entrenatzeko. Iuma egin zuen bai, baina ez zen 200 metrokoa; 4 metrokoa zen, juxtu-juxtu.

E.A.: Hori da, eta hemengo tirolina ere, 3 metrokoa da, soka potolo-potolo batekin… zerikusirik ez!

Ba al zegoen aukerarik talde berean egotekoa?
I.M.: Ez, hasieratik garbi zegoen ezetz, Eider beste talde batera joango zela. Jendeak berarekiko tratua mesedegarria zela ez pentsatzeko.

Jendeak bazekien ezagutzen zinetela?
E.A.: Nik nire taldeari esan nion: «Isma da nire judoko entrenatzailea, txikitatik ezagutzen gara».

I.M.: Nik ere taldean esan nu­en Eider oso ona dela, oso atleta osoa, eta kaña emango zue­la, nahiz eta talde berdekoa izan…

Batak bestearen taldea nola ikusten zuen?
E.A.: Nik hasieran talde gorria gu baino potenteagoa ikusi nuen. Gero bere taldea ez da hain ona atera, bai fisikoki bai lehiakortasun aldetik, ez dira oso konpetitiboak izan, orokorrean. Baina hau da kanpotik ikusi dudana.

I.M.: Nik argi ikusi nuen hasieratik bere taldea potenteena zela, bai mutilen aldetik, bai nesken aldetik. Oso talde konpletoa izan da; konpetitiboak, kirolariak… horiek beti daukate abantaila haundia txapelketetan. Gure taldean, aldiz, ahal dugun moduan moldatu gara, baina ezberdintasun haundia zegoen. 

Niretzako txarrena zen ezin zela hitz egin gure artean, beste taldeetako kideen artean.

Esan beharra dago montajea ikaragarria dela gure artean ia-ia ezta ikusi ere egiteko. Batzuetan esaten duzu zerbait probaren batean, baina «zer moduz zaude?», asko jota. Uste dut hirugarren egunean izan zela; aurpegiarekin esan genion ‘zer moduz’ elkarri, eta ‘a ze festa duguna hemen’. 

Hortaz, esan daiteke ikusten dena, benetakoa dela.
E.A.: Eta batzuetan okerragoa! Taldeak elkarren artean nahiko sakabanatuta zeuden, eta pro­­betan hitz egiten bagenuen, be­rehala esaten zizuten zerbait.

I.M.: Telebistan ikusita, ikusle bezala, esaten nuen, ‘ze ondo, basoan, hon­dar­­tzan…’, baina oso gogorra da, bertan egotea. Eta noski, bal­­dintza horietan, istiluak-eta edukitzea erraza da; azken finean, borroka batean zaude. Eta gure kasuan, ber­deekin, nahiz eta Eider egon eta asko maite dudan, be­ti irabazten zuten eta haserretu egiten ginen. 

Zaila da emakume batentzat horrelako programa bat irabaztea?
E.A.: Nik egin dut, beraz, nik zer esan dezaket? Fisi­koak, se­guraski, zerikusia dau­ka probetan, baina ez da ezinezkoa. Faktore inportantea da psikologikoa, eta posible da! Ho­rregatik animatzen ditut neskak parte hartzera, ez dela hain zaila.

I.M.: Maila polita utzi duzu!

E.A.: Topiko-tipiko bat badago esaten duena: neskak ahulak dira, eta mutilak, gogorrak. Eta ez da horrela; fisikoak zerikusia dauka, baina gero, faktore pila bat daude kontuan har­tzen ez ditugunak.

Psikologikoki ze eragin izan du esperientziak zuentzat?
E.A.: Ni oso mentalizatuta joan nintzen, eta banekien psikologikoki ere oso gogorra nintzela. Dena den, batzuetan ez dakizu zein puntutaraino den horrela. Hasieran, agian, fisikoagoa da, baina gero, buruak garrantzia haundia dauka.

I.M.: Mentalki ondo joan behar zara, bestela… fisikoak irauten du, irauten duena; indarrik ez dagoenean, buruak agintzen du. Eta ez bakarrik buruak, baita ere jarrerak, gogoak…. Nahasketa bat da. Fisikoa inportantea da, noski, proba fisikoak direlako, baina ordu gehiago dira elkarbizitzan, denbora librean. Eta benetan da gogorra, ez da telebistako programa bat soilik.

Elkarbizitza izan da zailena?
E.A.: Niretzat ez; niretzat, moskitoak eta denbora pila bat da­goela ezer egin gabe. Bus­titzen zara, gauak oso luzeak dira, ez dira hemengoak bezala. Han zaude 12 ordu, esterilla batekin, bustitzen, eta batzuetan ez daukazu ezta arropa alda­tzeko, ze bestea ere bustita dago…

I.M.: Badago jendea joaten dena reality bat egitera eta 3-4 egun pasatzera, esperientzia bat be­za­la. Eta gero, badaude beste txip bat daukatenak: lehiatu eta irabaztea. Azkeneko horrekin, denbora errazago pasatzen da, izan ere, txapelketa bat bezala hartzen duzu, ez zoaz jolastera, zoaz irabaztera edo ahalik eta urrutien iristera.

E.A.: Nik uste dut ni fisikoki prestatuta nengoela eta nagoela, eta badaukat hobetzeko, su­frimendurako eta sakrifiziorako gaitasuna. Hori oso ga­­rran­tzitsua da.

I.M.: Hori da gakoa. Ez dira esaerak bakarrik, hori gero frogatu egin behar da, erraza da esatea. Eta horrelako esperien­tzietan, bizitzan oso gutxitan egingo ditugunetan, mo­men­tuan frogatu behar da, eta ez da erraza, hori da zailena.

Bukatzeko, errepikatuko zenukete esperientzia?
E.A.: Nik orain bai, baina han esaten nuen ezetz. Han galde­tzen zutenean, ia denok esaten genuen ezetz, baina orain bueltatzen zara, jaten duzu, deskantsatzen duzu… 

I.M.: Ni bai, kapitain bezala, bai. Emaitzak ez dira onak izan nire taldearentzat, eta buelta­tzeko gogoa geratzen zaizu.

E.A.: Azkenean, zuretzat lehenengo aldia zen, eta horrek zerikusia haundia dauka.

I.M.: Izenak ematerakoan, eta dueluetan-eta, ez nuke ezer aldatuko, baina bigarren aldiz joango banintz, jakingo nuke denborak nola kudeatu. Beraz, bueltatuko nintzateke, hobe­tzeko; ez ikusteko nola den, dagoeneko badakit zer den. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!