Antzin Arotik gaur egungo errealitateraino, «gure herriaren kontakizun historiko jarraitua» egiteko ikastaroa antolatu dute Hernani Errotzen elkarteak eta Nabarralde Fundazioak.
Ikastaroa uztailean izango da, lau egunetan, Biterin, eta izenematea irekita dago.
«Euskal Herria-Nafarroako historiaren irakurketa»
Euskal Herriaren historia izango da ikastaroko gaia. Uztailaren 16tik 19ra bitartean emango da, bi ordutako saiotan, 10:00etatik 12:00etara, Biteri kultur etxean, Beñi Agirre zuzendari dela.
Nabarraldek eskaintzen duen on-line bidezko ikastaroaren laburpena landuko da. Gaiak aditu talde baten zuzendaritzapean garatu dira, eta guztien artean osatu dute «gure herriaren kontakizun historiko jarraitua, Antzin Arotik gaur egungo errealitateraino».
Lau ataletan banatuta
Ikastaroan «Euskal Herria-Nafarroako historiaren irakurketa orokor eta sintetikoa» eskaini nahi da, «ikuspegi propiotik landuz eta egun bizi dugun errealitatean eragiten duten erreferente eta gertaera historikoak azpimarratuz». Edward Said, literatur kritiko eta militante palestinar-estatubatuar idazlearen esanetan oinarritu dira horretarako: «Herri bati definizioa emateko biderik hoberena, bere historiaren idazketa da», azaldu dute.
Horrela, lau ataletan banatu dute ikastaroa: Historia-oroimena, Antzin Aroa, Erroma; Subjektu historikoa eta erakundeen sorrera; Konkistak eta lurralde zatiketa; eta Foruak eta gaur egun arteko erakundeak.
Ikasleei testuen laburpenak emango zaizkie, eta ikus-entzuneko materiala ere erabili da.
Izenematea, zabalik
Uztailaren 12ra arte eman ahal izango da izena, ikastaroan parte hartzeko. Izen-abizenak bidali behar dira herriaerrotzen@gmail.com helbidera. Prezioa: 10 euro.