Giza Katea ez da Nafarroatik pasako bihar, baina kateko bi kilometro beteko dituzte nafarrek: 24garrena eta 193garrena. Eta horietako aurrenekoan, bilduko dira Mendialdea, Malerreka, Bortziriak eta Baztango herritarrak: «azkeneko egunetan gorakada haundia izan du izenemate kopuruak, eta 500 lagun gaude izena emanda kilometro horretarako; horietatik 300 gara Mendialdekoak, eta zehazki, 140 Goizueta eta Aranokoak. Aranoar asko beste kilometro batzuetan egongo badira ere, batzuk Mendialdeko kilometroan egotera animatu dira, nafarrontzako propio ateratako kamixeta eta zapi gorriekin», azaldu dute Goizuetako Gure Esku Dagotik.
Nabarmendu dute, «giroa berotzen» sumatzen dutela inguruan, eguna hurbiltzen doan heinean: «saretzeak lortzeko eta kamixetak saltzeko, bi egunetan jarri genuen postua, Txinoko festetan eta Kinto Egunean. Eta horietan saretze pila bat lortu baziren ere, azkeneko bi asteotan sutan egon dira lantaldeko kideen telefonoak. Jendeak interes haundia erakutsi du, autobusetan apuntatu da... Seguru gaude ez ahazteko moduko eguna izango dela».
Eta gaineratu dute, «sorpresaz» hartu dutela halako erantzuna: «bagenekien ongi erantzungo zuela Goizuetako herriak, aurreko ekimenetan ere hala egin duelako; baina Giza Kate honetakoa bereziki harrigarria izan da. Hasiera batean, erronka gisa jarri genion gure buruari, baietz 100 goizuetar Giza Katera!, baina ez genuen inolaz ere pentsatuko halako kopurura iritsi eta pasa genezakeenik», nabarmendu dute.
Giza Katera joateko, hiru autobus aterako dira Goizuetatik bihar, goizeko 09:30etan, Zarautzera bidean; goiko kanpinaren aurrean daukate bere zatia. Giza Katea bukatzean, eguerdiko 13:00etan, Goizuetara bueltatuko dira batzuk, eta Donostiako festara gerturatu, besteak; azken horiek, arratsaldeko 19:30etan izanen dute autobusa, herrira bueltatzeko.
Giza Armarria, sarea osatzeko
Ez da Nafarroatik pasako Giza Katea, baina maiatzaren 19an, Giza Armarria osatu zuten Iruñan: «estatua behin eta berriz ari da, nafarron erabakitze eskubidea ukatzen; horren adibide da, parlamentuak atzera bota dituela 17 lege, herritarron bizitza hobetzeko onartutakoak. Horri aurre egiteko, demokraziaren aldeko herritar sare sendoa osatzeko beharra ikusi genuen, eta horretarako osatu genuen Giza Armarria, Gaztelu Plazan. Egun horretan GoizuTrail zela eta, Goizueta eta Aranotik nahi baino jende gutxiago joan ginen, baina bertan izan ginen bi herrietakoak, elkarri eskua emanda. Oso momentu polita izan zen, eta seguru igandekoa ere ederra izanen dela. Eman diezaiogun eskua etorkizunari!».
MENDIALDEKOEN 19 ARRAZOI ERABAKITZEKO
1. Euskal Herri osoan euskaraz hitz egiteko eskubidea eduki nahi dugulako.
2. Tokiko politikak garatu eta indartzeko.
3. Gure lurraldeari dagozkion erabaki judizialak bertan hartu ahal izateko.
4. Pentsio publiko eta duinak lortu ahal izateko.
5. Hezkuntza sistema propio bat lortzeko.
6. Parekidetasuna, duintasuna, errekonozimendua, berdintasuna eta aniztasuna bermatuko dituen gizarte feminista batekin amesten dugulako.
7. Bertako aberastasuna bertan geratu eta inbertituko duen finantza sistema propioa edukitzeko.
8. Gizarte osasuntsu batean erabakiguneak herritarrengandik gertu egon behar direlako.
9. Epe luzerako elkarbizitza eraikitzeko, erabakiak batu egiten gaituelako.
10. Egungo gizartearen kontsumo energetikoaren inguruko eztabaida eta gogoeta egin nahi dugulako.
11. Elikadura burujabetza indartzeko.
12. Gaur egungo nekazaritza eredua aldatzeko.
13. Genero/sexu aniztasuna bizitzeko aukera edukitzeko.
14. Auzolana berreskuratu eta bultzatuko duen gizartea bultzatzeko.
15. Energia berriztagarriak eta autonomoak bultzatu nahi ditugulako.
16. Etorkizunerako nahi dugun herri eredua eraikitzeko.
17. Herri txikiek ahots propioa izateko.
18. Herri libre batean zoriontsu izan nahi dugulako.
19. Elkarri eskua emateko milaka arrazoi ditugulako.