«Herri gisa erabaki nahi dugula aldarrikatzeak batzen gaitu»

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 9a, 02:00

Zapietan bakoitzak bere arrazoiak idatzita, osatuko dute asti­gartarrek, Giza Katearen 16ga­rren kilometroa, Aginagan: «era­bakitzeko arrazoi asko di­tu­gulako, bakoitzak bereak; baina horrek batzen gaitu, erabakitzeko arrazoiak askotarikoak izanik ere, herri gisa erabaki nahi dugula aldarrika­tzeak», nabarmendu du Asti­ga­rragako Gure Esku Dagok.

Bost autobusetan abiatuko dira, 09:00etan Foru Plazatik, Giza Katean parte hartuko du­ten astigartarrak; 300 pasatxo, guztira. Kotxeetan doazenei, go­mendatu diete Usurbilen aparkatu eta oinez joateko, errepidetik kontuz. 10:30etatik aurre­ra egongo dira Aginagako ga­so­lineran, eta 11:30etan kokatuko dira Giza Katean, 12:00etan ha­siera emango dion adarraren deiaren zain. 

12:30etan, Giza Katea bu­ka­tzean, bueltako autobusa hartuko dute: Astigarragara etorriko dira aurrena, eta Do­nostiara gero, bertan festarekin jarraitu nahi dutenentzat.

«Gure Esku Dagok bost urte hauetan egin duen bidea harrigarria da»

Apirilean hasi ziren Asti­ga­rra­gan, Giza Katea antolatzen, eta zortzi lagun inguru bildu dira astero; baina mahaietan, festa antolatzen, komunikazio lanetan... 25 pertsona inguru aritu dira: «batzordean ibili garenok, antolaketan jende gehiago ere izatea nahiko genukeen, baina ez da erraza izaten eguneroko mar­txan tarte bat hartzea».

Azaldu dute, horrelako ekimen batekin, «kolpean herritar pila bat mobilizatzea» izaten dela nahia, «baina hori ez da erraza». Hala ere, gai honi «perspektiba pixka batekin» be­giratu behar zaiola uste dute: «duela bost urte sortu zen Gure Esku Dago, eta bost urte hauetan, bide harrigarria egin du. Gogora ekar dezagun, duela bost urteko testuingurua, eta bidean egin ditugun gauzak. Lehenengo Giza Katea; galdeketak herri mordo batean, Astigarragan 1000 pertsonak bozkatu zutelarik; Herri Ituna; erabakitzeko eskubidearen al­de­ko arrazoien lanketa eta sa­retze lana. Eta orain, 201,9 ki­lo­metroko Giza Katea», nabarmendu dute.

Horregatik, «zenbakietatik haratago», erabakitzeko eskubidearen gaia ekarri nahi izan dute plazara; «herritarrok, per­tsonekiko begirunez eta era po­­sitiboan lan eginez. Herri­ta­rron garaia da», aldarrikatu dute.

ASTIGARTARRON 19 ARRAZOI ERABAKITZEKO

1. Gizarte heldua garelako eta ez dugulako beste batzuek gure izenean erabakitzerik nahi. 
2. Gure etorkizunaren erantzule garelako. Erantzukizuna eta ardura, eta askatasuna batera doaz.
3. Askatasunez erabaki nahi ditugulako beste herriekin ditugun harremanak.
4. Gure gizarte eredua guk erabaki nahi dugulako: guk ezagutzen ditugu plurala den euskal gizartearen eta astigartarren premia, behar eta nahiak. Guk dakigu zer nahi dugun.
5. Hezkuntza sistema (gure Herri Esko­la­­ri zuzenean eragiten diona) nola antolatu guk erabaki nahi dugulako, guk ados­­ten dugun modura, Madrileko legeei nola ihes egin ibili beharrik izan gabe.
6. Guk erabakitzen badugu, Astiga­rra­ga­ko pentsiodunen egoera hobea izango de­lako. Madrileko pertsona batek ez ditu Astigarragako pentsiodunak (gure guraso eta aiton-amonak) maite. Guk bai. Maite duzuna hobeto zaintzen duzu, beti.
7. Gure kirol selekzio nazionalak izan nahi ditugulako, gure kirolari gazteek eta guk merezi eta behar dugulako.
8. Natural bizi nahi dugulako: gai guztie­tan berdin ibiltzen gara, hau nahi genuke, baina estatuko legeek ez digute uzten, hau gara, baina ez gara... Pentsa, gure herria nola antolatu guk erabakiko ba­ge­nu, neke horiek denak akabo. Hortik aurrera, herri honek suziriak bezala egingo luke gora.
9. Euskararen normalizazioa indartu nahi dugulako, estatuak jartzen dituen traba eta oztoporik gabe. Euskararen normaliza­zioaren bidea eta erritmoa euskal herri­ta­rrok erabaki eta adostu behar dugulako.
10. Espainiak traba baizik egiten ez digulako eta gauzak guk erabakita hobeto biziko garelako. Beti tratuan ibiltze hori... Nik zure aurrekontuetan lagundu, zuk nireetan...
11. Audientzia Nazionalik ez dugulako nahi eta ez dugulako behar. Altsasuko gazteekin egin dutena bezalako astakeriak egiten dituen justizia administraziorik ez dugu nahi.
12. Gure kultura sustatu eta indartu nahi dugulako, guk erabakitzen dugun moduan. Gure kultura guk bizi eta maite dugu. Nork garatu eta bultzatuko du guk baino hobeto? Ezagutu ere egiten ez dutenek.
13. Errege-erreginarik ez dugulako nahi. Zer dela eta, jaiotzatik horrelako kargua?
14. Politikan ustelkeriarik ez dugulako onartzen. Eta Espainiak azken hamarraldietan horixe besterik ez digu eman.
15. Elkarbizitza sustatzen eta indartzen aurrera egin nahi dugulako, eta Espai­ni­a­ko estatuak nahi ez duelako eta uzten ez digulako.
16. Demokrazian sakondu nahi dugulako, langa eta muga bakarrarekin: herritarren borondatea.
17. Haurrak garatzeko askatasuna eta aukerak behar ditu, eta beregain izaten ikasi. Erabakitzeko ahalmena eduki behar du. Euskal Herriak ere bai.
18. Espainiak alternatibarik eskaintzen ez digulako. Dena da ez, ezin da, ezin duzue...
19. Erabaki, zergatik? Haatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!