Ibilbide «urbanoagoa» aurten, giroa berotzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 9a, 02:00

Edizio borobila izango du aur­tengoa, 20garrena, Azeri Bila lasterketak; eta ospatzeko, ibil­bide berria estreinatuko dute. Datorren larunbatean izango da, arratsaldeko 18:30etan ha­sita, Urbieta kalean; haur eta gazteen lasterketak ordubete lehenago hasiko dira.

Ez da aldatuko irteera eta helmuga gunea, baina bai osa­tuko duten bidea: «ibilbide mo­tzagoa eta urbanoagoa izango da, eta giro haundiagoa sor­tu­ko da, herriko Kaxkotik eta irte­era gunetik askotan pasatzen delako», azaldu dute. Kaxkotik Floridara jaitsi beharrean, Urbieta kalera bueltatuko dira, Latsunbe eta Ave Maria parke­an ba­rre­na ibili eta helmugara igotzeko berriro. Zehazki, 4 ki­lo­­metroko buelta izango da, eta bi buelta emango diz­kiote, guz­tira 8 ki­lometro egiteko. 

Lasterketa nagusian, 16 urte­tik gorakoek hartu dezakete parte, eta bakarka ez ezik, lau kideko taldetan ere parte ahal izango dute hernaniarrek.
Izenemateak zabalik daude, www.kirolprobak.com webgu­ne­an: txip horia dutenek 9 euro, ez dutenek 11 euro, eta taldeka apuntatuz gero, kide bakoi­tze­ko 8 euro. Egunean bertan ere izango da aukera, 16 euroan.

Haur eta gazteek sei lasterketa, mailaren arabera
Helduen aurretik, haur eta gaz­teak arituko dira korrika. Arra­tsaldeko 17:30etan hasi, eta sei lasterketa izango dira guztira, kategoriaren arabera bana­tu­ta; hamar minuturo abiatuko dira: Haur Hezkuntzakoak aurrena, 100 metroko ibilbidean; Lehen Hezkuntzako 1-2 mailetakoak gero, 300 metrotan; Lehen Hez­kuntza 3-4koak segidan, 600 me­tro egiteko; LH 5-6 mai­le­ta­koak, 1,2 km egiteko; DBH 1-2 mailetakoak ondoren, 2 kilo­me­tro osatzeko; eta azkenik, helduekin batera aterako dira 3-4 mailetakoak, Azeri Bilaren buelta bat egiteko (4 km).

Lasterketa horietan parte hartzea doakoa da, baina ize­na eman behar da: atletismo pis­taren ondoko bulegoan, aste­le­henetik osti­ra­lera (18:30-20:00); edo egu­ne­an bertan irteeran. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!