Europako Batzordeak finantzatzen duen proiektuan ari da parte hartzen Hernani BHI institutua azken bi urteetan: Erasmus+ KA2 Be Well. Horren bueltan, Errumanian izan dira DBH 4 mailako 3 ikasle eta 2 irakasle, maiatzean, bosgarren topaketan.
Londres (Erresuma Batua), Riihimäki (Finlandia), Bormio (Italia) eta Iasi (Errumania) hirietako ikasleekin batera aritu dira elkarlanean hernaniarrak.
Hezkuntza sistema desberdinen arteko ezagutza
Bukatzeko gutxi falta duen proiektu honek bi urte iraun ditu, eta denbora horretan, Italia, Finlandia, Erresuma Batua eta Errumaniako hezkuntza sistema eta metodologiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikasle hernaniarrek, eta baita adineko beste herrialdeetako ikasleekin harremana izatekoa ere. Era berean, ikasle eta irakasle haiek hemen ere izan dira.
Proiektuaren gaia izan da Building European Wellness in Learning for Life-Be Well; hau da, Europar Ongizatea Eraikitzen Bizitzarako Ikasiz-Izan On. Helburuak dira «ikaskuntza-irakaskuntza teknika berritzaileen kalitatea hobetzea, ongizatea hobetzea ekimen inklusiboak bultzatuz, eta herrialde bakoitzeko ezaugarriak ezagutzearekin batera identitate europarra garatzea».
Azken bidaia honetan, Iasi hiria bisitatzeaz gain, Ipar Moldabian ere izan dira Hernaniko ikasleak.
Ingurumena, azken gaia
Azken bidaia honetan Iasi hiria bisitatzeaz gain, Ipar Moldabiara ere egin dute bisita ikasleek, eta hainbat jarduera egin dituzte, kasu honetan, ingurumenaren gaia lantzeko.
Bi urte hauetan proiektuan parte hartu duten institutuak izan dira Highgate Wood Decondary School (Londres, Erresuma Batua), Riihimäen Lukio (Riihimäki, Finlandia), Istituto d’Istruzione Superiore Alberti (Bormio, Italia), Colegiul National Emil Racovita (Iasi, Errumania) eta Hernani BHI.