Izandako tira-biren ostean, Tomas Alban jarraituko du Gazte Asanbladaren txoznak beste urte batez. Hala erabaki baitzuten Udaleko ordezkarien gehiengoak, asteazkeneko ohiko Plenoan: «asteazkenean egindako Plenoan oposizioko taldeek erabaki zuten festetan Gazte Asanbladak jartzen duen txozna Tomas Alba kalean jartzen jarraitzea», azaldu du Udal Gobernuak prentsa-oharrean.
Hortaz, talde jeltzaleak onartu du: «Udal Gobernuak ezingo dio eutsi Tomas Albako bizilagunekin hartutako konpromezuari; EH Bildu eta PSE-EEren arteko akordioak galeraziko du talde jeltzaleak bizilagunei emandako hitza betetzea».
Hartu-emanean, hasieratik
Gobernu taldeak dio hasieratik egon dela hartu-emanean Gazte Asanbladarekin: «bileretan taldeari jakinarazi zitzaion txozna aldatzeko asmoa, Tomas Albako bizilagunen ezinegonaren ondorioz, gehiegizko zarata eta lo egiteko arazoak zirela-eta».
Hori azalduta, Gobernu Taldeak dio «momenturo» saiatu dela «Gazte Asanbladaren baldintzetara egokitzen, lekualdaketa ahal bezain onuragarri izan zedin. Zipotzatik gertu egotea eskatu zuten, eta Pelotari kalea proposatu zitzaien».
Gobernuak dio «ahalegindu» dela Gazte Asanbladaren eta bizilagunen interesek bat egin zezaten. Horren aurrean, «Gazte Asanbladak mehatxatu zuen herriko festetan parte ez hartzearekin».
Planto horrekin bat egin du EH Bilduk, EAJren esanetan, eta mozioa aurkeztu zuen. Mozio hori, PSE-EEk ere babestu zuen.
«Harrituta» Gazte Asanbladaren jarrerarekin
Hortaz, Udal Gobernuak ezin izango du bere konpromezua bete. Gainera, alkatetzatik jakinarazi dute «harrituta» daudela Gazte Asanbladaren jarrerarekin: «elkarrizketarako ez dira oso irekiak egon, eta jarrera negatiboa izan dute festetako elkarbizitzaren erronkaren aurrean».