Makina-erremintaren sektoreak bizi duen «une gozoa» nabarmendu du Olanok Biurtekoan

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 4a, 13:46

Barakaldoko BECen egin zuten Makina-Erremintaren Biurtekoa (BIEMH), joan den astean; eta bertan izan zen, bisitan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Gipuzkoako hainbat enpresak hartu baitzuten parte topaketan. Foru arduradunak azaldu duenez, feriak «agerian uzten du sektoreak bizi duen une gozoa», eta gogoratu du alor hau «gure industriaren zutabe nagusietakoa dela». Olanok zenbakiekin lagundu ditu bere adierazpenak. Izan ere, aurreratu duenez, Gipuzkoako industriaren salmentak %11,4 hazi ziren apirilean eta, horrela, %4,6ko igoerarekin itxi dute urtearen lehenengo lauhilekoa. Diputatu nagusiaren iritziz, aipatutakoa bezalako datu makroekonomikoak edota Biurtekoan lurraldeko 100dik gora enpresa egotea makina-erremintaren bultzadaren adierazle argiak dira.

Foru arduradunarekin batera, Barakaldoko topaketan izan ziren Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Garapeneko diputatua; Garikoitz Agote, Ekonomia Sustapeneko foru zuzendaria; eta Antton Tomasena, Berrikuntza foru zuzendaria. Beraiekin egon ziren Cesar Garbalena, AFMko presidentea, eta Xabier Ortueta, zuzendari nagusia. Foru ordezkaritzak hainbat erakusketari bisitatu zituen, eta gertutik ezagutu zituen 4.0 industria edota laugarren industria iraultza delakoak dakartzan azken aurrerapen teknologikoak. Fagor Arrate, Danobat, Lagun, Goratu, Ibarmia, Juaristi, Goizper, Delteco, Soraluce, Korta… izan ziren, ferian ordezkatutako Gipuzkoako enpresetako batzuk. Guztira, lurraldeko 120 eragile inguru izan ziren Biurtekoan, makina-erremintaren sektoreko enpresa, zentro teknologiko eta beste zerbitzuak eskaintzen dituzten konpainien artean.

Topaketaren aurtengo edizioa errekorrekoa izan da. Aurrekaririk gabeko parte hartzea izan du: 1.750 enpresa, 1.200 makina, 3.000 produktu, 300 berrikuntza martxan… Makina-erremintaren sektorea, gainera, une gozoan iritsi da hitzordura, 2017 urtea errekorreko fakturazioarekin itxi eta aurtengorako hazkunde aurreikuspenak dituztelarik. Horrela, «legealdiaren lehen egunetik» ekonomia sustapena Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasun nagusietakoa dela gogoratu du diputatu nagusiak. «Horregatik gaude hemen, Gobernu honek beti egin izan duen bezala, gure lurraldearen ehun ekonomikoarentzako hain garrantzitsua den sektorea babesten», adierazi zuen, bere bisitan. «Etorkizuneko industria da gaur hemen ikusten ari garena, eta etorkizunerako jauzi hori ematen lagundu behar diegu gure enpresei», gehitu zuen.

Ekonomiak bizi duen momentu onean ere jarri du azpimarra Olanok, bereziki makina-erremintaren sektoreak. Diputatu nagusiak aurreratu dituen Gipuzkoako foru Ogasunaren datuen arabera, lurraldeko enpresen salmentak %12,7 hazi ziren apirilean, eta %5,9eko igoera metatua dute jada urteko lehen lau hilabeteetan. Industriak antzeko portaera izan zuen, apirilean %11,4 gehiago saldu baitzuen, eta %4,6ko hazkunde metatuarekin itxi du urtearen lehen lauhilekoa. Enplegu eta soldaten arloan ere datuak positiboak dira, bi adierazleak %4,4 eta %5 hazi baitira urteko metatuan, hurrenez hurren. «Zifrak onak dira, eta bilakaera positiboa adierazten dute gainera. Gure erronka nagusia agertoki hau finkatu eta bete-betean gure lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko lanean jartzea da», itxi du Olanok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!