«San Joan jaien egitaraua Jai Batzordeak antolatzen du»

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 4a, 02:00

«Gure herriko San Joan jaien egitaraua Jai Batzordeak antolatzen duela gogorarazi nahi dugu. Jai Batzordea 30 bat elkartek eta taldek osatzen dute eta denen artean proposatu eta adosten dituzte jaietako ekintzak. Beste esparru askotan bezala, EH Bilduren Gobernu taldearen jarrera izan ohi da parte-hartze prozesuetan eta erabaki-guneetan hartzen diren erabakiak onartu eta bideratzea» argitu nahi izan du Hernaniko EH Bilduk.  
Herrian animaliak tartean dauden ekitaldien inguruko iritzi desberdinak daudela «jakin badakigu».
Iaz, Jai Batzordean, galdeketa bat egitearen ideia ere aipatu zen eta baztertu ere bai. «Galdeketaren aurretik argudioak lantzea eta herritarrei informazioa ematea ko­me­­nigarria zela argudiatu zu­ten talde batzuek. Beste ba­tzuek, ordea, ez ziren galdeketaren aldekoak eta pixkanaka-pixkanaka ekitaldi horiek ordezkatzea proposatu zuten. Jarrera adostu bitartean, animaliak tartean dauden ekitaldiak progresiboki murriztea eta gaia lantzen jarraitzea adostu zen».  
Ondorioz, 2017an Jai Batzordeak erabaki zuen: «Sokamuturra eta Latsunbeko zezen txikiak: hiru saiotik bira murriztea. Animaliak hiltzen ziren ekitaldiak, itsas-arrantza eta uso-tiro txapelketak, kentzea».

«Ez da gaia landu eta berdin mantendu da egitaraua»
Urtebete honetan «ez da herrian gaia landu eta aurtengo egitaraua antolatzerakoan bi jarrerek berriz ere talka egin dute: animalien erabileraren kontrakoek ekitaldi horiek murrizten jarraitzearen alde daude eta sokamuturren aldekoak, ordea, 2017an kendutakoak berreskuratzearen alde».

«Lan talde bat sortu da ­gaiaren inguruan eta Udalak dinamizatuko du»
Hartara, «aurtengo San Joan egitarauan iaz bezala mantentzea eta, datozen hilabeetan, auzi hau lantzea erabaki du Jai Batzordeak». Horre­ta­rako, «talde bat osatzeko konpromisoa hartu dute kide ba­tzuek. Aurtengo jaien ondoren, gaiari heltzeko prozesua abiatuko da eta Udalak dinamizatuko du. Eta Gobernu talde hau, beste esparruetan bezala, saiatuko da herriak erabakitzen duena errespeta­tzen eta bideratzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!