Sormenak gainezka egin dezan, beste olatu batek hartu du Gabriel Zelaiako eraikina: Iturola Elkarlan Sorguneak.
Beterri-Buruntzako sei Udalek bultzatutako «lanerako espazio partekatua da, sektore ezberdinetako profesionalak elkartu eta giro kolaboratzailean beren eguneroko jarduna eta proiektuak garatzeko gunea», hain zuzen.
Aspalditik ari dira lanean Floridako eraikin horretan, baina ostegunean egin zuten inaugurazio ofiziala, bai erakunde publikoei, goizez, baita herritarrei ere, arratsaldeko festan. Arratsaldeko zitan, gunea ezagutzeko aukera izan zen, festa giroan, eta La Jodedera taldearen erritmora.
Egun Iturola osatzen duten hamar proiektuetako bat da Harago, Aran Erasunek sortutakoa. Bera izan zen, inaugurazio ofizialean, gunearen nondik norakoak azaldu zituena: «guretzat egun garrantzitsua da; gaur ateak irekitzea gauzak egiteko modu bat da. Behar genuen».
«Elkarlana» eta «komunitatea», aipatu zituen hitz gako gisa, eta eskerrak eman zizkieten erakunde, laguntzaile eta Iturola posible egin dutenei.
Bertan izan ziren beste bederatzi eragileak ere: I Do Photography Lab, Arremanitz, Txukuntzen, Soy Thaïs Naiz, ARK, EH! Trip, Ingutek, Bira Produkzioak, eta Tapuntu.