Iskibi kanpinak BTT bizikleta zeharkaldia antolatu du, bederatzigarrenez. Bihar eginen da lasterketa, eta bi ibilbide izanen dira aukeran.
43 kilometro, luzeenak
Ibilbidea lehengo urtekoaren antzekoa izanen da, bihar ere. Baina bi izanen dira auekeran; 43 kilometrotakoa, luzeena, eta 1.360 metroko desnibelekoa, eta 30 kilometrotakoa, motzena, 1.050 metroko desnibelarekin.
Hasi eta bukatu, Iskibiko kanpinean eginen dira biak. Goizueta inguruko mendietan barrena ibiltzeko aukera izanen da, eta ondoren, 12 kilometro ingurutan zehar, Artikutzako parke naturalaren barruan egin beharko dira.
Izenemate postutik pasata, sariak zozketan
Parte hartu nahi dutenek interneten eman dezakete izena, www.kirolprobak.com webgunean. Baina bihar ere izanen dute aukera, goizeko 08:00etatik 09:00etarako tartean. Aurretik eginez gero, 12 euro ordaindu beharko dituzte federatuek, eta 14, ez federatuek. Bihar eginez gero, berriz, 16 eta 18 euro izanen dira, hurrenez hurren.
Dena den, partehartzaile guztiek pasa beharko dute izenemate postutik, lasterketaren ondoren zozketatuko diren sariren bat lortu nahi badute.
Menua eta loa
Biharko egunez, Iskibi kanpinean menu berezia prestatuko da bazkaritarako, 12 eurotan. Lasterketan parte hartzen dutenek, berriz, gaurko gaua bertan pasa ahal izanen dute, doan.