Asteburu borobila izan zen aurrekoa, txirrindulari astigartarrentzat; kadete mailakoentzat, behintzat. Izan ere, herriko txirrindulariak izan ziren protagonista nagusiak, jokatutako bi lasterketetan.
Eta guztien gainetik, Enekoitz Azparren: bi garaipenak lortu zituen berak! Larunbatean, Lazkaoko Hesparru Sarian, bakarrik iritsi zen helmugara, 52,5 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, bost txirrindulariko talde baten aurretik. 39 segundura sartu ziren horiek, eta tartean zen Jaime Romero astigartarra ere, bosgarren.
Eta igandean, Ataunen aritu ziren kadeteak, 48 kilometro egin eta Aia auzoko ermitara igota bukatzeko. Romero urrutitik saiatu zen erasoan, baina azkenean, Azparrenek harrapatu eta gainditu zuen, 30 segundu lehenago helmugaratuta. Hortaz, astigartarrak izan ziren, podiumeko aurreneko bi postuetan.
Jubenilak, berriz, Zarautzen aritu ziren larunbatean, Udaberri Saria lehiatzeko; eta arazo mekanikoak izan arren, 19garren sailkatzea lortu zuen Telmo Semperenak.
Eta afizionatu mailakoak, azkenik, Nafarroako Itzulian aritu ziren, kategoriako lasterketa gogor eta garrantzitsuenetako batean; tartean ziren Espainia, Belgika, Italia eta Frantziatik etorritako talde indartsuak. Hori horrela, lasterketaren gogortasuna, erritmo bizia eta etapen luzera nabaritu zuten Urko Semperena eta Xabier Mikel Azparren astigartarrek; eta erretiratu egin behar izan zuten, hutsik, laugarren eta hirugarren etapetan, hurrenez hurren. Edozein kasutan, kategoriara egokitu eta esperientzia pilatzen jarraitzeko balio izan die biei.
Irunen, Lezon eta Anoetan, asteburu honetan
Gaur eta bihar, beste hiru proba izango dituzte txirrindulari astigartarrek. Alebin eta infantilek, errepideko bizikleta utzi eta mendikoarekin ariko dira gaur, 16:30etan Irunen, Euskadiko Txapelketan. Kadeteek, berriz, Mendekoste Saria izango dute Lezon, bihar goizeko 10:00etan hasita. Eta jubenilek, azkenik, Anoetan daukate zita, bihar arratsaldeko 15:30etan.