«Dena emanda ere, nahiko lan!»

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 2a, 02:00

Osiñagako festak girotzen hasteko, bertso-afaria egin zen lehengo astean, baina gaur botako da txupinazoa, eguerdiko 12:00etan, eta bihar iluntzera arte luzatuko da jai-giroa.

Txupinazoaren aurretik, hala ere, martxan jarriko da festetako programa: goizeko 10:00etan hasita, auzoan ba­rrena bizikleta bira egin ahal izango da, eta ondoren, ha­maiketakoa jarriko zaie parte-hartzaileei, Arriatsun.

Eguneko plater sendoena, hala ere, bazkalondorenean iritsiko da: herri kirol saioa izango da, bi talderen arteko desafioan. Berako Nerea Sorondo eta Iturengo Maika Ariztegi ariko dira aizkoran; harri-jasotzen, Izeta anaiak; eta txingetan, korrika, lokotsetan eta abar, Urumeako koadrila. Saltsarik ez dela faltako diote aizkolariek, nahiko parekatuta ibiliko direla-eta.

«Ezagutzen dugu elkar»
Hain zuzen, Nerea Sorondo eta Maika Ariztegi aizkolariek aitortu dute lehia izango dela.

«Aizkolari asko ez gara, emakumeon artean, eta ezagutzen dugu elkar», azaldu du Ariztegik. «Azken erakustaldietan, herriko plazetan, berdin­tsu ibili  gara. Oso berdintsu. Nola berak, edo nik, dena eman beharko dugu. Eta dena emanda ere, nahiko lan!».

«Aizkoran lauzpabost neska aritzen gara. Ni indarrez ondo ibiltzen naiz. Hauspoz agian aurrea hartuko dit. Baina hor­txe ibiliko gara», dio Sorondok ere. «Erraza ez da inoiz izaten!  Ezagutzen dugu elkar. Segun eta egurra nola moztu, kortea ondo edo gaizki eman... Mila gauza gertatu daitezke. Lehia izango da!».

Erakustaldia, txapelketetarako prestatzeko
Gaurkoan dena eman­go badute ere, jokoan ez dago ohorea baino gehiago, baina gerorako pres­­tatzeko balioko diela aitor­tzen dute biek. Izan ere, aurrenekoz ari dira aurten txapelketetan parte hartzen; orain arte gehiago aritu dira erakustaldietan. Giroa desberdina izanda ere, ondo etorriko zaie indarrak neurtzeko, uztailean Usurbilen izango baitira.

Lehenago, martxoan, Urrez­ko Aizkolarien finala jokatu zuten biek, Azpeitian, eta juxtu-jutxu irabazi zion Ariztegik Sorondori. Foto-finisha behar izan zuten epaileek, erabakia hartzeko: segundo baten ehuneneko aldearekin irabazi zuen Araiztegik. 

«Aizkora haundia hartuta» ibiltzeak lagunduko diola uste du Ariztegik, «ahal dela, aizkora aprobetxatuta». Baina ez daki oraindik nola sentituko den. «Lokotsetan eta ingudearekin ere ibiltzen naiz, eta ba-tzuetan argaldu, eta aizkora txikiagoa hartu behar izaten dut». Sorondo, berriz, gehiago ibili izan da trontzan, eta denetik landu du, aizkoran ere aritzeko. «Teknika, hauspoa, indarra... Kirolak dena eska­tzen du. Patxi eta Donato Larretxearen herri-kirol eskolan aritzen naiz». Lan asko behar dela dio, ez dela erraza, herri-kirolen mundua, baina momentu onean daudela. «Herri-kiroletako urte onenak joan ziren. Ezin da honetatik bizi, eta zaila da maila ona ematea, laguntzarik ere ez baitago, asko. Baina egia da mediatikoki tokia egiten zaiola, eta neskek aukera asko dauzkagula, jendeari ikusgarri egiten baitzaio».

«Pikea eta saltsa», seguru
Lehendik Hernani aldean ibiliak dira bi aizkolariak, eta «gi­ro ona» izaten dela diote biek. «Jendea izaten da, eta aritzen dira bata eta bestea anima­tzen», dio Ariztegik. «Era­kus­tal­dia izanda, lasaiago egoten gara txapelketan baino, baina en­trenamendu ederra da. Jen­de aurrean aritu behar dugu eta presioa badago. Es­pero dugu eguraldiak laguntzea, eta jende gehiago biltzea. Pikea eta saltsa izango dira!». 

OSIÑAGAKO FESTA

GAUR, LARUNBATA
10:00, Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa izango da Arriatsun, parte hartzaileentzat. 
12:00, Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00, Bazkaria, auzotarrentzat.
17:30, Herri kirol saioa: aizkoran, Berako Nerea Sorondo eta Iturengo Maika Ariztegi; harrijasotzen, Izeta anaiak; eta txingan, korrika, lokotsetan eta abar, Urumeako Koadrila.
Ondoren, arratsaldeko dantzaldia, Laiotzekin.
19:30, Sagardo eta bakailao dastaketa.
22:30, afaria, eta ondoren, erromeria, Orioko Julen eta Eneritz trikitilariekin.

BIHAR, IGANDEA
11:30, auzokoak gogoratzeko ekitaldia, beheko zubian.
12:00, gazteen arteko pelota partiduak.
13:30ak arte, Julen eta Eneritz trikitilariak.
14:00, bazkari herrikoia, Arriatsun.
18:00, desafio berezia: giza proban aritzen den Astigarragako Emarri neska taldearen eta Imanol Paollaren zaldiaren artean.
Ondoren, Unai Agirreren eta Agin Labururen azken bertso saioa.
Gero, dantza, Joxe Angel El Navarrorekin.
*Erakusketa: Hernaniko Arraun Elkartea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!