Kultur etxe berriaren proiektua aho batez onartu du plenoak

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 2a, 02:00

Asteazkenean egin zuen ma­iatzeko ohiko plenoa, Asti­ga­rragako Udalak; eta nobedade batekin hasi zuten, puntu bat gehitzea onartu baitzuten: Gaz­te Asanbladaren txosnaren in­guruko mozioa, EH Bilduk aurkeztutakoa. Plenoaren bukaeran landu zuten hori, eta bertan, eskatzen zen txosna aurten toki berean uztea, eta prozesu partehartzailea abiatzea, erabakitzeko txosna gunea no­lakoa izan behar den.
Plenoaren aurreko batzordean, PSE-EEren babesa lortu zuen EH Bilduk, eta beraz, onar­tu egin zen mozioa, EAJren abstentzioarekin, «prozesu hori dagoeneko martxan dagoelako, eta horretan lanean ari den zi­negotziarekiko elkartasunez», azaldu zuen Zorione Etxeza­rra­ga alkateak. Hortaz, man­tendu egingo da txosnaren ko­kale­kua, Tomas Alba kalean.

Gure Esku Dagoren mozioa onartuta, gehiengo sinplez
Plenoko azkeneko puntua izan zen txosnaren inguruko mo­zioa, eta hasi ere, beste mozio batekin hasi zuten bilkura. Gure Esku Dagok hala eskatuta, hasieran irakurri eta bozkatu zen beraiena. Udalari eskatzen zioten, GEDren aldarriarekin bat egin, antolatutako ekimenetan parte hartu, eta anima zitzala herritarrak ekainaren 10eko Giza Katera. Abstenitu egin zen EAJ, «nahiz eta bakarka eta pertsonalki ados egon», azaldu zuen alkateak. Abstentzio horrengatik harridura erakutsi, eta aldeko botoa eman zuen EH Bilduk; kontrakoa, berriz, PSE-EEk. Beraz, gehiengo sinplez onartu zen mozioa.

Horren ondoren, onartu zu­ten Garbitaniatik ateratzeko proposamena, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin; kontra azaldu zen EH Bildu.

Hiru kreditu txertaketa
Onartu zuten, baita ere, hiru kreditu txertaketa egitea; 2017 urteko gerakinaren erabileran modifikazioak egitea, alegia: Sa­gardun Partzuergoaren partida 45.000 euro haunditzea, Ema­rri taldearentzako 1.000 euro ja­sotzea, eta Zarku­men­degiko aldagelak berritzeko 30.000 euro gordetzea.
Andoni Gartziak, EH Bildu­ko bozeramaileak, azaldu zuen be­raiek aurkeztutako alegazio­etatik, «gauza garrantzitsuak» jaso zirela, baina «giltzarriak» kanpoan utzi zirela, DBHrena eta Haurreskolarena. DBHren kasuan, alkateak azaldu zuen, hilerri ondoko lurrak erosteko asmoa daukatela, azkenean bi­deragarria bada, lehenbailehen uzteko lurrak Eusko Jaurlari­tzaren esku, eraikina egiten has­teko. Azkenean, pun­tuz pun­tu bozkatu zen: aho ba­tez onartu ziren txertaketak, bai­na baztertutako alegazioetan, kontra azaldu zen EH Bildu.

Segidan, aho batez onar­tu zuten, berdintasuneko dirulaguntza partida 1.000 euro gu­txitu, eta Emarriri bideratzea.
Eta aho batez onartu zen, baita ere, ikastolaren haundipenerako Astigarragako Plan Orokorraren aldaketa. Gartziak azaldu zuen, «zalantza asko» dauzkatela, eta espero dutela prozedura ondo bukatzea, bestela «arazo potolo bat» izango dutelako. Eta gehitu zuen, arki­tektoak zioela, zeuden alternatiben artean okerrena zela. Etxezarragak argitu zuen, hori aukeratu zutela, partzela gu­txien estutzen duena delako.

Radarrak izeneko fitxategia sortzea ere onartu zen, baina EAJ eta PSE-EEren botoekin; kon­tra azaldu zen EH Bildu, uste duelako radar herrian mugikorrak jarri baino lehen, neurri eraginkorragoak badaudela, ba­de­nak jartzea adibidez.

Aldiz, aho batez onartu zu­ten, udal eraikinen garbiketa kontratua urtebetez luzatzea, Uni2 enpresarekin.

Kultur etxe berriaren proiektua, aho batez
Eta aho batez onartu zuten, ondoren, kultur etxe berriaren proiektua ere. «Baiezko kritikoa» emango zutela azaldu zuen Gartziak: «partehartzearen aldetik, eragileekin bakarrik egin dira bilera pare bat, eta kul­tura teknikariak soilik har­tu du parte, gainerakoek buka­e­ran bakarrik jakin dute. Baina EH Bilduk herritarrekin egindako hausnarketaren ondo­­ren, egindako ekarpenen %70 jaso dira, eta beraz, askoz ere balorazio positiboagoa egiten dugu». Alkateak azaldu zuen, «etengabeko aberaste prozesua» izan dela, eta saiatu direla «etorkizunean izan daitezke­en beharrei aurre egiteko pro­iektu egokiena osatzen».

Urumeako ibai-parkea, ‘Andre gobaragileen parkea’
Urumea ibaiaren ondoko parkeari, zein izen jarri ere adostu zuten, aho batez: Andre go­baragileen parkea izango da.
Eta ondoren, Astigarragako Udalaren ohorezko izendapenen araudia aldatzea onartu zuten, EH Bilduk aurkeztutako alegazio batzuk onartu eta beste batzuk baztertuta. «Herri­tarren partehartzea bermatzea zen gure helburu nagusia, eta horren inguruko alegazioak onartu dira; beraz, alde bozkatuko dugu», azaldu zuen Ando­ni Gartziak. Aho batez onartu zen aldaketa.

Eta bukatzeko, EH Bilduren bi mozioak landu zituzten. Au­rrenekoan, azaldu zuen mendekotasun prestazioen murriz­ketek 40 familia astigartar kaltetu dituztela, eta eskatu zuen beraien egoeraren berri eman eta laguntzea. Aho batez onartu ziren bi puntu, baina beste bi, murrizketa hitza zeukatenak, atzera bota zituzten EAJk eta PSE-EEk, «murrizketarik ez dagoelako». Gartziak erantzun zien: «esaiezue 40 fa­milia horiei, ez dutela murrizketarik jaso».

Eta bigarrena, Transfobia, Lesbofobia eta Homofobiaren Aurkako Egunaren inguruko mozioa izan zen, eskatuz LGTBI+ pertsonen kontrako indarkeri­aren eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lan­tzea; eta ekainaren 28an (Sexu As­ka­penerako Egunean), he­rri­­tarre­kin batera margotzea, fronto­ia­ren kanpoko harmailetara igo­tze­ko dauden bi eskai­leretako koskak, LGTBI+ kolektiboaren ko­lore­e­kin. Aho batez onartu zen mozioa.

Udal Gobernu Taldea Prentsa oharra

«Oposizioaren zenbait proposamen txertatu dira, gerakinaren onarpenean»

Plenoan landutako gaietako baten inguruan, gerakinaren behin betiko onarpenaren in­guruan hain justu, balorazioa egin du Udal Gobernu Talde­ak; eta nabarmendu du, oposizioaren zenbait proposamen txertatu dituztela: «jasotako 16 alegazioetatik hiru gauzatuko dira, besteak dago­eneko jasota daudelako aurre­kontuan eta inbertsioen planean», adierazi du.

Apirilean aurkeztu zuen bere inbertsio proposamena, gerakinaren ia bost milioi eu­roekin; tartean, Herri Eskola­ko jangela txikia haunditzea, edota Kontxa Etxeberriako haurreskolaren proiektua.

Oraingo aldaketa eta txertaketekin, 10.000 euroko partida bat txertatu dute alkate­tzatik, animaliak edukitzeari buruz sentsibilizazio kanpaina egiteko. Berdintasun arloko dirulaguntzak haundituko dira, 5.000 eurotik 25.000 eu­rora, «Harituz elkartearekin hitzarmena sinatzea ahalbidetuko duena»; eta 9.000 euro gehiago bideratuko dira Eus­karaldia proiektura.

Kirolen arloan, konponketak egingo dira Zarkumen­degi­ko aldageletan, eta sarea jarriko da Txomiñene frontoian, erramintaz jokatu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!