Asko eta asko izan ziren, 1.500 inguru, 2014ko Giza Katean parte hartu zuten hernaniarrak, Etxarrenen elkartuta. Eta orduan baino gehiago izango dira bihar, egokitu zaien zatia osatzera joango diren hernaniar eta ereñotzuarrak: 1.600-2.000 lagun artean espero dituzte, eta gaur ere zabalik egongo da lokala, 11:00etatik 14:00etara, azkeneko izenemateetarako. Lau kilometro beteko dituzte, Aginagatik Oriora.
Eta hainbeste jende mugitzeko, jarriko duten autobus kopurua ere ez da makala: 19 autobus aterako dira Hernanitik, eta horietako bat Ereñotzura joango da aurrena. Urbieta kaletik Marielutsera ilaran jarriko dira autobusak, eta bata bestearen segidan joango dira. Herritarrei, 10:00etan azaltzeko deia luzatu diete, 10:30etan abiatu ahal izateko, beranduenez. Autobus bakoitzak izango du bere kilometro zenbakia eta letra, Giza Katean dagokion kokalekura joateko.
«Herritarron Ituna da erronka, eta Giza Katean irudikatu nahi dugu, daukan babesa»
Hernaniko Gure Esku Dagotik, ikusi dute «badagoela interesa» gaiaren inguruan: «duela bost urte Gure Esku Dago sortu, eta hurrengo urtean egin genuen aurreneko Giza Katea; oraingoaren erdia zen, gutxi gorabehera. Eta ikusi genuen, babesa bazeukala erabakitzeko eskubideak. Beraz, hortik aurrera forma ematea tokatzen zen. Ehuntzeak, herri galdeketak... Hernanin 4.000 lagunetik gora gerturatu ziren bozka ematera. Orain, Herritarron Ituna da erronka; eta bide horretan, Giza Katean irudikatu nahi dugu, daukan babesa», azaldu dute Maria Jesus Aizpuruak eta Miren Rekondok.
Herritarron Itunarekin, mahai gainean jarri nahi dituzte 2.019 arrazoi, etorkizuna erabakitzeko. Herriz herri landuko dituzte horiek; Hernanin egin zuten topaketan, erabakitzeko 80 arrazoi bildu zituzten.
Giza Kateak, martxoaren 10ean apuntatzeko aurreneko mahaia jarri zutenetik, gero eta indar gehiago hartu du, eta azkeneko asteotan eman dute izena askok eta askok. Guztien artean, ziurtatuko dute Gure Esku Dagok nahi duen «jai giroa, ekimen ireki eta malguan, non bakoitzak bere aldarrikapenak egiteko aukera izango duen. Aniztasuna da nahi duguna, eta oso talde anitzak izan ditugu laguntzaile».
HERNANIARRON 19 ARRAZOI ERABAKITZEKO
KULTURA
1. Euskara da nire hizkuntza. Euskaraz bizi nahi dut. Erabakitzeko aukera izanik, nire nahi hau gauzatzeko tresnak izan ditzakedalako.
2. Hezkuntza: 0 urtetatik Unibertsitatera. Publikoa, euskalduna, herri eta etorkizun ikuspegia duena.
3. Etorkinen integrazioa euskaraz.
4. Bertako kultura ezagutarazteko, eta kultura globalizatzailea alboratzeko.
HERRITARTASUNA
5. Euskal Herrikoa sentitzen naizelako. Lurraldea Euskal Herria delako. Ezinbestekoa delako.
6. Gizarte integratzailea, solidarioa, euskalduna, feminista, ekologista...
7. Gainerako herriekin dauzkagun harremanak erabaki ahal izateko. Harreman solidarioak, ekonomikoak...
8. Euskal Errepublika nahi dudalako.
9. Herri honetan bizi naizenez, bertan erabaki nahi dudalako.
10. Preso politikorik gabeko jendartea nahi dudalako.
11. Patriarkala ez den gizartea nahi dut.
ONGIZATEA
12. Eredu soziala aldatzeko, etxebizitza, lana, denon eskubidea delako. Irakaskuntza eta osasungintza publikoaren doakotasuna arriskuan ez jartzeko.
13. Etorkinen jatorriari uko egin gabe, bertakoen eskubide berberak bermatzeko.
14. Sektore estrategiko guztien kontrol publikoa berreskuratzeko.
15. Gure jubilazioak eta pentsioak kudeatu ahal izateko.
16. Alderdi ahulena (langileak) babestuko duen laneko legedi bat izateko.
17. Elikadura osasuntsu eta jasangarria bermatzeko.
GURE LURRA
18. Gure mendiak zaindu eta babesteko.
19. Nekazaritza eta arrantza gure herriak kudeatu ahal izateko.
*Hernanin Herritarron Itunaren inguruan jasotako 80 arrazoietatik aukeratutakoak.