Gaur hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren defentsan bi orduko lanuzteak deitu ditu LABek. Mobilizazio orokorra egiteko eguna izango da. Hernanin mobilizazio guneak dira: udaletxe aurrea (13:30), Talleres Mitxelena enpresaren aurrea (09:30-09:50) eta Katea Legaia enpresaren aurrea (13:30-14:30).
«Gure helburua estatalizazioaren eta prekarietatearen aurka dauden langileak mobilizatzea izango da. Inboluzio politiko eta soziala bizitzen ari gara: diskriminazioa, prekarizazioa, pobretzea, pentsioak erasotzea, erreformak, zerbitzu publikoen murrizketak... Lan arloan ere, prekarizazioa inposatu nahi digute. Botere politiko eta ekonomikoaren arteko aliantzak prekarizazio prozesu oso bat jarri du martxan» dio LABek.
«Langileen kontura, poltsikoak betetzen jarraitu nahi dute» diote LABetik. «2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman zioten. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: negoziazio kolektiboaren erreforma, lan erreforma eta austeritate neurriak. Hauen ondorioz, besteak beste, azken 7 urteetan estatuko hitzarmena aplikatzen zaien langile kopurua %21etik %34ra izatera pasatu da. Estatuak eta patronalak erabaki estrategiko bat hartu zuten. Lan baldintzen prekarizazio eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bilatzen. Estatu mailako hitzarmenak sinatuz, bertakoak betetzeari utzi nahi diote eta gureak baino okerragoak direnak inposatu nahi dituzte».