Urtero bezala, herriko kezka edo arazoren bat aztertu dute Astigarragako Herri Eskolako ikasleek, Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan. Aurten, hondakinen gaia landu dute, eta horretarako, lan ezberdinak egin dituzte ikasleek: Lehen Hezkuntzako 1 eta 2 mailetakoek, galdeketa egin dute etxean eta inguruan, zaborra nola sailkatzen dugun ikusteko; 3 eta 4 mailetakoek, ikertu dute zein ohitura dauzkagun; eta 5 eta 6 mailetakoek, aztertu dute kaleko hondakin bilketa sistema.
Bildutako material guztiarekin, ikasleen foroa egin zuten apirilaren 26an, eta bertan adostu zituzten, beraiek hartu beharreko konpromisoak, eta Udalari aurkeztuko zizkioten proposamenak. Horretarako, pleno berezia egin zuten joan den asteazkenean.
Dagoeneko hartzen diren neurri batzuk, hobetzeko
Pleno horretan, azaldu zuten, Udalak dagoeneko hartzen dituen neurrietako batzuk, hobetu egin behar direla: edukiontzi batzuk zaharkituta edo puskatuta daude, beste batzuk adinekoentzat edo desgaitasunen bat dutenentzat desegokiak dira, badira gainezka eginda daudenak ere, eta industriagunean pilatu egiten da zaborra. Aipatu zuten, bestalde, oraindik zabor gutxi murrizten dela, nola sailkatu jakiteko ere zalantza sortzen dela, ideia gutxi daudela zaborra murriztu eta berrerabiltzeko, bilketa furgoneta ez dela erabiltzen, ez dela ezagutzen garbiguneak zein aukera ematen dituen, edota askok uste dutela hondakinen ardura politikoena dela.
Ondorio horien harira, makina bat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, bi multzotan sailkatuta. Batetik, hondakin gutxiago sortzekoak: elikagai frexkoak saltzen dituzten azoka edo saltokiak sustatzea; bilduki gutxi erabiltzen dituzten saltokiak sortu eta logotipo batekin identifikatzea; bigarren eskuko truke puntua sortzea; garbigunean berrerabiltzeko moduan dagoenaren berri ematea; eta sentsibilizazio kanpainak egitea, hondakinak murrizteko. Eta bestetik, hondakinen kudeaketa hobetzeko proposamenak: edukiontzi erosoagoak jartzea, gehiagotan hustutzea eta zaharrak konpontzea; sailkatzen dutenei hobariak aplikatzea, eta egiten ez dutenei atentzioa deitzea; sailkatze gida edo aplikazio bat sortzea; eta garbigunearen eta bilketa furgonetaren informazioa zabaltzea.
Ikasleek, beraien aldetik, konpromisoa hartu zuten, portaera arduratsua eta jasangarria izateko, hondakinekin.