Beterri Buruntzako Udalek, Beterri Km 0 proiektua martxan jarri berri dute, nekazal ekoizpena kontsumitzaileen esku jartzeko helburuarekin. Horretarako, janari denda, jantoki publiko zein taberna eta jatetxeetan bertako produktua saltzea erraztuko da.
Leku hauek, Beterri Km 0 zigiluarekin bereizi eta identifikatuko dira, kontsumitzaileak bertako produktua modu erraz batean eskuratu ahal izan dezan.
Hernaniko Plazako arkupe aurrean egin zen aurkezpena. Bertan egon ziren Jon Zulueta Beteri-Buruntzako Udalen lehendakaria, Andoni Egia Hernaniko Tokiko Garapenerako Agentea, Oier Iurramendi Karabeleko ekoizle eta Juan Cruz Alberdi Behemendiren izenean.
Beterri-Buruntzako ekoizleen sarea osatu eta tokiko produktuak sustatzea du helburu hiru urte bete dituen proiektuak. «Herri, instituzio, merkatari, lehen sektoreko ekoizleak elkartzen dituen sarea bultzatzea du helburu» esan zuen Oier Iurramendik. «Nekazariak sortzea ere bada beste lanetako bat» esan zuen Juan Cruz Alberdik. «Astigarragan jarri ditugu lurrak nekazari izan nahi dutenen eskura» azpimarratu zuen Behemendiko arduradunak.
Hernaniko zaharren egoitzan eta haurreskolan klausula anbientala dago eta sarean daude. «Zaharren egoitzan bertako produktuekin 200 menu ematen dira eguerdian eta 130 afari gauean ematen dira» esan zuen Andoni Egiak. Eta hori zabaltzea da beste helburuetako bat. «Lizitazioak amaitzen doazen bezala kontratu berrietan klausula anbientalak jartzen joango gara. Bertako ekoizleak eta produktuak lehentasuna izatea da helburua».
Oier Iurramendiren ustetan tokiko ekoizpena, kontsumoa sustatu eta denentzako bideragarria izango da ekimena. «Orain arte dugun katalogoa zabaldu nahi dugu. Bederatzi ekoizle daude oraingoz». yy