Zazpi senideko famili batean, arotza zen gure aita? Artista bai, Barrenetxeatarrena! Oialumeko terrazazpin aurreneko bilera antolatu zuenetik 75 urte pasa dira, eta Oialumeko dantzalekuak martxan jarraitzen du. Hark hasitakoari segi diote bigarren belaunaldikoek, seme-alabek, eta hirugarrenekoak ere hasiak dira.
Ospatzeko aitzakia nahikoa bada, beraz, eta gaur arratsaldeko 17:30etatik aurrera, garai bateko Oialumeko Bilera bueltan izango da! Baita kontzertuak ere, gauean, dantzaleku itxian. Familiak lanean segitzen du, eta «oso pozgarria» egiten zaie. «Hemen ez bizita ere, etorri eta Oialume haren jarraipena ikusten dugu, oroitzapenak etortzen dira».
Taberna, dantzaleku bihurtu
Oroitzapen horiei tiratzeko elkartu dira (argazkian ezker eskubi) Joxe Mari eta haren emazte Karmele Urretabizkaia, Axintxio eta haren emazte Koro Lasarte, Manoli eta haren senar Juan Carlos Garmendia eta Margari; Oialumeko dantzalekuko bigarren belaunaldiko lau senide. Falta dira zaharrenak, Inaxio (orain urte gutxi zendua), Juan Joxe (umetan zendua) eta Pedro Juan. Hirugarren belaunaldiko Ander eta Eztitxu ere, bertan dira. Eta aurrenekoaren seme Mattinek ez du detailerik galtzen.
«Lan asko, militantzia haundia eta talde lana da hemen dagoena», dio Eztitxuk. «Belaunaldi bat baino gehiago hartzen dituen lan taldea gara, familiakoak eta ez direnak, baina familia bat gara. Bestela, ezinezkoa izango litzateke. Gu hirugarren belaunaldikoak gara, baina bigarrenekoak oraindik ari dira lanean».
Bigarrenekoak dira hasiera bizi zutenak. «Hemen taberna izango zen», gogoratzen du Axintxiok. «Betiko taberna. Auzoko gazteak elkartuko ziren eta ika-mikaren bat aterako zen; pultsu apustua. Hori izango zen otsailean, 1943an». Martxoaren 19, San Jose egunerako jarri zuten zita. «Gure aitari okurritu zitzaion soinu-jolea ekartzea. Markos Zubeldia, Hernanikoa. Ondo atera zen, eta hurrengo igandean izango zela soinu-jole hori, eta hurrengoan eta hurrengoan. Izebak esaten zuen askotan, 25 pezeta pagatu zitzaiola soinu-joleari».
Izeba Juanitak esandakoak ere ikasi dituzte denek, orain bi urte hil zen arte jarraitu baitu Oialumen. Izeba Juanita, ama Cristina, aita Javier (Portuko Lonjakoa), eta aitona Juan Joxe Agirrezabalaga oiartzuarra bizi ziren Oialumen, terrazazpiko saioak hasi zirenean, «eta Inaxio (anai zaharrena) jaioberria zen». Baimena aitonaren izenean zegoen. «Bada paper bat. Hernaniko udaletxeak baimena ematen zuen dantza publikorako: Hernanin, bi tokitan (Tilosetan eta Lasarteko Irubiden); bestea Ereñotzun; eta bestea Hernaniko Lizartxueta baserrian. Hau da Lizartxueta!». Oialume izena nondik datorren, ez dute asmatzen.
Neskame eta soldadu
Horrela hasi zen bada, Oialumeko dantzalekua. Eta igandero-igandero, urrian Pilarika egunaren inguruan hasi eta San Antonioak aurreko igandera arte, izaten zen festa. Jendea biltzen zela gogoratzen dute.
«Baserritarra, erabat. Geroxeago, Donostiara etortzen ziren neskameak, Gipuzkoa aldekoak, eta soldaduak, Loiolakoak. Hori gero, 55 edo 60an». Arratsaldeko festa izaten zen. «Arratsaldean, 17:30ak edo 18:00ak aldean musika hasi eta etortzen zen jende pila bat, zapatak utzi, alpargatak jantzi, eta 20:00ak aldean berriz aldatu, zapatak jantzi eta Donostiara. Eta soldadu jantzita etortzen ziren askok, kendu, zakuan sartu, eta 21:00etarako berriz jantzi eta kuartelera martxa».
Ez zuten, hala ere, den-denek egiten dantza. «Zenbat jende etorri den dantzalekura, arratsalde guztia pasa, eta dantzik egin gabe, etxera! Bazterrean jarri, begira, paretan kontra. Sueltoan egiteko igoal sartuko zen, baina ausarta behar zen. Bestela, neskarengana joan eta eskatu: faborez? Batzuk 16-18 urterekin pausua ematen zuten, baina beste batzuk sekula ez! Zenbat jende egon den urtetan lotsaz dantzarik egin gabe! Gero, iluntzen zuenean, orduan lotsa galdu! Ilunpean, edo edanda! Baina lotsatia zena... Mutilak lan asko izaten zuen! Neska pare batengana joan eta ezagutzen ez duzun neskari ea zeinek esango dion, ingo deu?»
Etxeko neskek gutxiago jakiten zuten kontu horien berri. «Neskak barrenean, sukaldean lanean!». Baina mutilek bai. «Zenbat barre, eta zenbat negar ere bai! Neskak mutila utzi zuelako, edo alderantziz eta... negarrez! Hori ez da asko aldatu!». Eztitxuk arrazoi ematen die: «Galdeu Maitaneri (lehengusua). Bera aritzen den barraren izkina negar tokia da!». Beste gauza batzuk aldatu dira, ordea.
Egokitzen, pixkanaka
Neskak barruan aritzen ziren lanean, eta mutilak, kanpoan. Joxe Marik, adibidez, 1965aren bueltan aitarekin errifak saldu izana gogoratzen du. «Terraza azpia zen, ez zegoen sarrerarik, eta musika jotzen zenean nolabait dirua atera behar zen musikoak pagatu eta sos batzuk ateratzeko. Egiten zen errifa bat. Kaiolan oilasko edo konejo pare bat jartzen ziren; egun berezia zenean arkumea. Aitak hartzen zituen errifak behatzen artean». Gizonezkoei kobratzen zitzaien, «5 pezeta». Gero sukaldean egiten zen zozketa.
Hantxe aritzen ziren neskak. «Tortilla urdaiazpikoarekin, txerri txuleta ogi artean edo mingaina saltsan edo usoa». Haiek prestatu eta gora. Izan ere, terrazazpin egiten zen dantza, eta terraza gainean bokadillo eta meriendak ematen ziren. «Eskailera bat bazen, oso zabala, eta jendea gora eta behera, xerra gora, xolomoa behera.. Eta goian tokirik ez zenean, sukaldean!». Komunera ere, eskaileretan gora. «Kuartoak eta dena. Dena irekita. Ateak itxita, baina ez zuten giltzik». Eta sustoren bat ere bai, noizbait... «Pixa egitera igo, logelara sartu, eta mesillan zar zar zar pixa egiten, kazkartuta!».
Edatekoari dagokionez, «barrika, vinos Otaño, 100 litrokoa, polearekin igo mostradore gainera eta basoerdiak ateratzen genituen bertatik, edo kanillatik botilara pasata. Edaten zen ardoa, sagardoa, Kas, Schweppes, Txus... Gero hasi zen zerbeza, Cervezas el Leon, 73aren inguruan. Topolinoa. Botila txikia, pottokoa».
80eko hamarkada hasterako, 75etik aurrera, berriz, errifa saltzeari utzi eta toldoak jarri zituzten etxe izkinan. «Orduan hasi zen Hernaniko jendea etortzen, eta Tolosa eta Donostiakoak. Eta talde elektronikoak eta bafleak. 50 pezeta kobratzen zen. Bukaeran, 90ean dantzaleku berrira pasatzean, 100 pezeta».
Zuzenekotik, DJera
Hain zuzen, nabarmen aldatutakoa, musika bera izan da, Oialumen. Markos Zubeldia. Ramon Amenabar, itsua. Gero Manolo Amenabar. Jose Luis Ponces. Bikondoa. Altuna. Andoaingo Jainkua. «Aurreneko emakumea hemen jotzen izan zen Begoña Solano, Ereñotzukoa; Kistiñe eta Xabier Solanoren izeba». Harekin bateria jo izana gogoratzen du Axintxiok. Izan ere, familian musikaririk ere ez da falta. «Arratsalde guztia serbitzen pasa, eta bukatzean, aitak esanda, akordeoia jotzera! Hori lotsak eta negarrak! Ze amorrazioa! Kakalarrituta, 22:30ak noiz iritsiko!», kontatzen du Manolik. Axintxio, esan bezala, baterian. Tango, pasodoble, vals, eta sueltokoak (fandango eta arina-arina).
68ra arte soinu-jolea bakarrik. Jazbanarekin (bateria) gero. Gero teklatuak, tronpeta eta saxoa hasi ziren. Hor azaldu zen, adibidez, Canario, Margarirekin ezkonduko zena. Gero, taldeak. Axintxiorena; Trakets. 76 ingurutik aurrera, berriz, aldarrikapen politikoak eta rocka.
Dantzaleku itxia 90ean ireki zen, San Sebastian egunean. «Hotz ederra egin zuen! Jela!», dio Juan Carlos Garmendia, Manoliren senarrak. Oialumen ezagutu zuen emaztea. Baita Karmele Urretabizkaiak ere, Joxe Mari, lagunekin dantzalekura joanda, eta Koro Lasartek Axintxio, Donostian neskame ibili eta Oialumera joanda. Baita Inaxio eta Pedro Juan anaiek ere, emazteak. Eta familiakoek bezala, makina bat jendek. «Ezkontzen hasi bezala, kanpoko jendea ere hasi zen lanean. Baina trantsizioa egin da gurasoetatik, sei senideetara; zazpigarrena umetan hil zen. Eta horiek haunditu eta Axintxio eta Koro geratu ziren ama eta izebarekin. Haiek eta ondorengoek heldu diote dantzalekuari».
Ondorengo horiek, orainaldikoek, orain arteko anekdotak entzun dituzte; Hernanin soinua jotzeko debekua medio, Astigarragako aldean jo zenekoa; urak igota mahai gainean jo zenekoa; eta beste ziento bat. Beste hainbeste ere bizi dituzte, eta Oialumek «bere identitatea» gorde duela nabarmentzen dute, eta egokitzen asmatu duela. Familiara batutakoek (izeba-osaben bikoteak, lehengusuenak, lanera deitutako lagunak) familia sendotu izana ere eskertzen dute. Jende falta medio iganderotako saioak utzi eta egun berezietan irekitzen hasi ziren. Zuzeneko musika gutxitu eta DJak ekartzen hasi; erabaki «gogorra». Baina berezko izaerari eutsi diote, eta betiko moduan ospatuko dute gaur, Oialumen bizitakoak biziberritzera animatzen direnak beso zabalik hartuz. Zuzeneko musikarik faltako ez dela-eta, dantzan, ingo al deu?
Juanita Agirrezabalaga Lete, Izeba Juanita
(Oialume, Lizartxueta baserria, 1924-2016)
«Egundalako saltsa prepatu zuten!»
Orain bi urte zendu zen ‘izeba Juanita’, Oialumekoa, baina ondo gogoan daukate, bai bertakoek, eta baita bertaratutako dantza zaleek ere. «Ehundalako festa sortzen zen», kontatzen zuen berak, www.ahotsak.eus webgunean bildutako elkarrizketan.
Oialumen jaio eta bizitakoa, bertan lan asko egin zuen bizi osoan Juanitak, eta goxo-goxo zaindu zituen, bai senideak, eta baita dantzalekura bildutakoak ere. Ondorengoek, neurri haundi batean harekin ikasi zuten, eta hark kontatutako anekdotak ere gogoratzen dituzte.
«Ehundalako festa sortzen zen», esaten zuen. «Urte batean, Pilariketan, geratu giñan soinu-jotzaile gabe, eta ezin bilatu inon ere. Andoainera deitu gendun, eta Felix, harek urtero bixita egiten digu, aurten ere etorriko da, noski; deitu gendun eta etorriko zala baina oso soinu-jotzaile ona ez zan, erdipurdikua, ta berak bakarrik ez zuela nahi. Nahi zuela bateriakin. Baina, biak patzeko diru asko ta, klaro, nola patuko gendun ta. Baietz, etorriko ziala biñipin, ta biak etorri zian. Estreña eman zuten eta egundalako azeptazioa izandu zun, aizu! oso kontentu! Eta handik aurrera, beti bi (...). Oso umorekua zan bateriadun hoi. Ez zan oso baterista ona baino, kantatu eta, egundalako saltsa prepatu zuten bien artian. Oso animatuk».
Horietako bat, geroxeago, etxekoa: «Gero berriz, etxekoa ere hasi zen. Axintxio. Urte asko egin ditu, batekin eta bestearekin eta!».
Iturria: ‘AHOTSAK.EUS’
Joxe Mujika Tolosa
(Astigarraga, Martzinea baserria, 1926-2015)
«Han (Oialumen) bilatu gendun hau (emaztea). Bertatik bertara bizi giñan baina... Dantzarako ez gendun tajo haundirik. Ilundu arte ez giñan animatzen. Askotan, neskekin ere, bat espaloi batean eta bestea bestean joan behar izaten gendun! Earki kanbiatuida gauzak!».
Iturria: ‘AHOTSAK.EUS’
Iñaxi Urruzola Aranburu
(Astigarraga, Bakero baserria, 1925; Astigarragara ezkondua)
«Ateratzen giñan Oialumera gu. Bueno, ni 20 urtekin hasi nintzen (...) 20 urterekin, Oialumera. Ez dantzaik ez zeaik, ezer ez genekigula. Hamarretarako, etxera. Behin ere, Ereñotzuko festetara jun, autobusak aldein, ta etxera berandu. Eta ama eskobakin etxe atarin».
Iturria: ‘AHOTSAK.EUS’
Bixenta Arrieta Arrieta
(Altza, 1929)
«(...) Ergobin, Oialumen. Filarmonika jotzen zuten. Batek jotzen zuen eta hura genun musika guztia (...) Dantza sueltuan, baina a todo meter. Joaten giñen Oialumera eta juntatzen giñan lagunak, gendun kuadrila. Hola pasatze genun jai atzaldia; 4-5 ordu izaten genitun dantzarako, aste guztia lanian pasata».
Iturria: ‘AHOTSAK.EUS’
Anjelita Garin Iraola (Hernaniko Txonkuene baserria, 1931) eta Joxe Goñi Urreaga (Ergobiako Gurutzeta baserria, 1928)
A.G. «Irikia zan eta eskailerak igo, ta kuarto ta salan barrena terrazara ateratzen giñan. Hantxe egoten giñan puxka batian, ta gero jaitsi dantzara eta horrela».
J.G. «Joanito Labaka Karkan ta biok inauguratu gendun hura (Oialume) 15 urterekin, mutil-kozkorretan joaten giñan galtza motxetan. Dantzan guk bakarrik egiten gendun han! Denak baztarrean bueltan jarrita egoten ziren. Iluntzean bai, orduan ateratzen ziren, eta gu, neskarik gabe, orduan!