Abian da Lansarean App: lan aukera ­euskaraz izatea errazten duen aplikazioa

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 26a, 02:00

BAI EUSKARARI Elkarteak euskaraz dagoen lan-atari bakarraren aplikazioa aurkeztu du: Lansarean App. 4.000 lan-eskaintza, 400 enpresa eta 2.900 erabiltzaile baino gehiago jaso ditu webguneak eta, oraingoan, tresna berriarekin, pauso bat harago eman nahi izan du Bai Euskarari Elkarteak, ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari eta lana eskaintzen dutenei erraztasunak ematen jarraitzeko.

Lansarean bi publiko hauei dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan-eskaintzak zabaldu eta hautaketa-prozesuak arinago kudea ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten. Bien kasuetan, Google Play eta App Store-n deskarga dezakete tresna berria, doan.

Lehen aukera, euskara. Lan aukera, euskaraz 

Lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitateari tresna eta baliabide berriak eskaini nahi zaizkie, haien beharretara eta lan-kudeaketa ohituretara egokiturik. Jakin badakigu gaur egun, pertsona gehienek aplikazio eta mugikorren bidez egiten dituztela Internet bidezko bilaketak, erosketak, erreserbak, etab. Hori horrela izanik, sakelekoetatik edo tabletetatik lan-eskaintzak euskaraz kudeatzeko aukera eskaintzen du aplikazio berriak.

Rober Gutiérrez-ek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak nabarmendu duen bezala, «euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa da egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako. Lan munduan euskara sustatzeko urratsak ematen ari dira, baina erdara da nagusi oraindik ere enpresa eta lantoki gehienetan. Bestalde, hezkuntza-arloa euskalduntzeko egindako inbertsioak ez du segidarik izan arlo sozio-ekonomikoan. Gero eta gehiago dira euskaraz ikasi duten eta trebatu diren pertsonak, belaunaldi berriak prest daude euskaraz lan egiteko, baina, lan munduak horretarako aukera gutxi ematen die. Lan arloan euskaraz normaltasunez aritzeko baliabideak sortu eta garatu behar dira. Euskaraz lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza baita, pertsonak eta espazioak euskararekin bete­tzeaz gain, baliabideak eta tresnak ere euskaraz egotea eta horiek baliatzea».

Aplikazio funtzionala 

Hautagaia izan edo profesionala izan, lan eskaintzen kudeaketa erraza eta eraginkorra izateko diseinaturik dago. Sektore anitzeko lan-eskaintzak jaso­tzen ditu atariak, interesen arabera pertso­na­lizatu daitezkeenak; jakinarazpenak programatzeko eta eskaintzak ordenatzeko aukera ematen du; kudeatzeko sistema erraza dauka, eta hautagai-enpresa harremanetan jartzeko mezularitza aukera eskaintzen du. Lansarean-eko erabiltzaileei ibilbide profesionala euskaraz egiten laguntzeko helburuarekin, orientazio zerbitzua eskaini eta formakun­tza agendaren berri ematen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!