Aimar Olaizola bosgarren txapelaren bila, bihar Bilbon

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 26a, 02:00

Goizutar asko eta asko bihar Bilbon izanen dira Aimar Olai­zola herritar pilotaria anima­tzen. Final asko eta haundiak jokatutakoa da Aimar, baina biharkoa berezia izango da. 38 urterekin bere hamargarren finala baitu eta bosgarren txapela bilatuko du. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta finala bigarren partidua izango da.

Belaunaldien arteko finala dela esan liteke, aurkaria Miribilla frontoian, Jokin Al­tuna gazte amezketarra izan­go baita. Gipuzkoarrak 22 urte bete ditu aurten eta bere lehenengo final nagusia izango da buruz burukoan, nahiz eta ezagutzen dituen finalak zer diren. Gaur egungo lau t’erdiko txapelduna da. Gainera beste goizutar bat izango du botillero, Jon Apezetxea.  
Goizuetatik inoiz baino jende gehiago espero da final batean. Horrek ere final hau berezia dela erakusten du. 

Bi urte finaletik kanpo geratu eta gero, Aimar berriz ere itzuli da finalera eta horrek ilusio berezia egin dio. «Oraindik ere ez dut beherakadarik nabaritu eta Martinez de Irujoren bost txapelak berdin­tzeko ongi iritsi naiz».

38 urte izanagatik Olai­zolaren maila urte osoan zehar ez da jeitsi. Alderantziz, bai banaka eta bai binaka asko jokatu du pilotan eta hori kontuan hartzekoa dela uste du aurrelari goizutarrak. «Orain hamar urteko kolperik ez dut, baina esperientzian irabazi ere bai. Partiduetan betiko tentsioa nabaritzea ohikoa da, baina bestetik aita izateak buruari lagundu egiten dio. Desko­nektatzea errazago izaten da». Hori bai, ilusioa topera mantentzen du.

«Egun horretan ongi egotea izaten da gakoa»
Altuna aurkari gogorra izango dela argi du. «Kolpea ezkuta­tzen ikusi dudan pilotaririk hoberena da. Nola jokatu pen­tsatua dut, baina egia esan ez diot zulorik ikusten. Oso konpletoa da. Adin horrekin horrenbeste jokatzen duen pilotari gutxi ikusi dut nire ibilbidean. Ez da etorkizuneko pilotaria, errealitatea da gaur egun. Irribarria eta Urruti­ko­etxearekin batera urte asko egingo ditu puntan».
Hala ere  finalean Olaizola da faborito askoren ustez. Hori bai gakoa zein izaten den finaletan ederki ezagutzen du. «Egun horretan ongi egotea da gakoa». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!