Brugalkabako hipopotamoek, beteka

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 25a, 17:35

Bart gaueko 22:00etarako bolaz beteta zegoen Atsegindegiko aterpea. Eta hipopotamo bolajaleak, prest. Hernaniko Gazte Olinpiadetako bederatzigarren proba izan zen atzokoa, Hipopotamo Bolajaleena.

Launaka lehiatu ziren taldeak. Giltza, gutxi afalduta joatea! Izan ere, bola gehien harrapatzen zituen taldeak irabazten zuen txanda bakoitza, eta puntu gehien biltzen zituzten lau taldeek jokatu zuten finala. Azkenean, Brugalkabak irabazi zuen.

Bolen artean desberdintasunik ere bazen, bola txikienak harrapatzeak puntu gehiago ematen baitzituen. Baita hipopotamo itxurarekin mozorrotuta egoteak ere. Gutxi izan ziren, hala ere, jantziari erreparatu ziotenak. Giro haundiena sortu zutenak, trikimailurik abilenak erabiltzen zituztenak izan ziren. Hipopotamoek, patineteen gainean ondo lotuta jarri, eta eskuetan kuboa hartu behar zuten. Bi taldekidek laguntzen zioten, hanketatik helduta, aurrera eta atzera egiten. Eta beste taldekide bat, hipopotamoak kuboarekin harrapatutako bolak jaso eta saskian gordetzen aritzen zen, epaile zelatarien zaintzapean.

Epaile batzuk, ordea, ez ziren beste batzuk bezain adi ibili... Brugalkaba bola gehien bildu zituen taldea izan zela, dudarik ez dago. Beteka ederra eginda bukatu zuen! Ondo egin ote dion... Beste kontu bat da!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!