Lau puntu irauli behar dira gaur Landaren

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 26a, 02:00

LAU puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi beharra du Hernanik gaur Landaren. Oho­rezko Mailan jarraitzea jokatuko du Hernanik; hil ala biziko partidua izango dute aurretik, Sevillako Ciencias taldearen kontra. Arratsaldeko 16:00etan hasita izango da, hernania­rren etxean, zalego­a­­ren indarraren babesarekin.

Azken bultzada, beharrezkoa
Gaur dena jokatuko du Her­nanik, eta horregatik, az­ken bul­tzada beharrezkoa izan­­go du. Ohorezko Mailan ja­rraitzea izango dute jokoan, eta nahiko berdindua dator, Cien­ciasen aurka aurreko as­te­­buruan jokatutako lehiatik; 31-27 galdu zuten trikoloreek.
Hortaz, zalegoaren indarra inoiz baino beharrezkoagoa izango du taldeak, maila gore­nean jarraitu nahi badu.
Hernanik lau puntugatik irabazten badu berdinketa legoke markagailuan. Kasu horretan etxetik kanpo puntu gehien lortu dituen taldeak jokatuko luke datorren urtean Ohorezko Mailan. Beraz Cien­cias 27 puntura ez bada iristen eta Hernanik lau puntugatik irabazten badu Hernani mantenduko litzateke Heine­ken Ligan. Eta alderantziz 28 puntu baino gehiagorekin berdintzen badute Ciencias igoko litzateke. 31-27ko emaitza berdintzen badute prorroga jokatuko lukete. 

Eskarmentu haundiko bi talde
Bai Hernani eta bai Ciencias honelako atakan egon izan dira behin baino gehiagotan, beraz eskarmentu haundiko bi talde dira. Gainera 2007an elkarren aurka aritu ziren Ohorezko Mailara igo nahian. Orduan sevillarrak izan ziren jaun eta jabe. Landaren 23-25 irabazi zuten eta La Cartujan 48-11.
Hala ere Hernanik izan ditu antzeko partidu ugari azken urteetan. Batzuk oroitzapen onak ekartzen dituztenak eta beste batzuk gaizki amaitu zirenak. 2010garren urtean CAU Valenciaren aurkakoa izan zen agian gogorrena. Valentzian 18-13 galdu zuen Hernanik eta Landaren igoera eskuan zuen azken minutuan 13-6 aurretik zela, baina azken segunduan kolpea gauzatu zuten kanpotarrek eta 13-9 irabazita igoeratik puntu bakarrera utzi zituzten etxekoak.
Antzekoa gertatu zen 2012an Cisnerosen kontra. Madrilen 23-16 galdu zen eta bueltan 13-7 irabazi arren, ez ziren igo puntu bakarrarengatik. Hala ere hortik hilabetera lortu zen igoera Alcobendasen kontra Landaren 19-18 eta Las Terrazasen 6-8 irabazi eta gero. Ahaztu ezineko eguna.

Txekor errea, zaleentzat
Hori aprobetxatuko du elkar­te­ak, txekor errea burduntzian eskaintzeko. Partiduaz goza­tzeko aukeraz gain, pintxoak dastatzeko aukera izango da Landareko kantinan bertan.
Aukera paregabea, beraz, partiduaz eta janaz gozatzeko. Horregatik guztiagatik, deia egin diete hernaniarrei etzi, Landarera jaitsi daitezen. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!