«Inoizko emaitzarik onenak» aurkeztu berri ditu AFM klusterrak (Makina-Erramintaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak): %12,96 hazi da makina-erramintaren produkzioa estatuan, eta 1.690,69 milioi euroko fakturazioa lortu du, sektoreko errekor historikoa botaz.
Makina-erramintaren momentu onaren erakusle da hori, eta baita enpleguaren hazkundea ere: AFM klusterreko bazkide diren 128 konpainietan, batazbeste, %4,1eko igoera izan du enpleguak.
Baina horrekin batera, «arazo kezkagarri bat» ere azaleratu du Antxon Lopez Usozek, AFMko presidenteak: «ia ezinezkoa da, profil jakin batzuetako langileak aurkitzea, eta egoera hori are larriagoa da emakumezkoen artean». Industriako beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, «gero eta digitalizatuagoa dagoen sektore batean, falta dira profil jakin bateko langile gazte eta kualifikatuak; bereziki, proiektu automatizatuetarako eta IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia) proiektuetarako», dio Lopez Usozek.
Horregatik, eta arazoari konponbidea emateko asmoz, «formula proaktiboak» bilatu beharko dituztela uste du AFMko presidenteak: «esate baterako, unibertsitateekin kolaborazio bideak sustatu, formakuntzan parte hartu, edota doktoretzak diruz lagundu».
Azpisektore batzuen hazkundea, klabea
Makina-erramintaren sektorearen hazkundean, garrantzia izan dute azpisektoreek. Horietako batzuek, hazkunde izugarria izan dute 2017an; deformazioaren sektorea, bereziki, %47,76 hazi da, urtebetean. Mozketa erraminten azpisektorea, berriz, %6,53 hazi da 2017an. Arrankearen azpisektoreak ere izan du igoera, %4,71koa, urtea nahiko ezegonkor hasi arren. Eta gainerako azpisektoreetan ere, positiboak izan dira emaitzak.
Esportazioa, gero eta haundiagoa, bereziki Europan
Eta salmenta eremuei dagokienez, gorako joerari eutsi dio esportazioak, beste urte batez. %4,1 hazi da 2017an, eta 1.233,37 milioi eurora iritsi da, errekorra botaz, beste behin.
Produkzio osoaren %72,95a esportatu zuen makina-erramintaren sektoreak, Europara bereziki: «Europako merkatua bikain portatu da 2017an, bai Alemania, gure bezero nagusia, non %20 hazi den; eta baita Italia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua eta Polonia ere. Txinak jarraitzen du bigarrena izaten, baina %7,7 jaitsi da, 2016 urtekoaren aldean. Eta aldiz, %15 inguru hazi dira Mexiko, Estatu Batuak eta Kanada».
Eta modu berean, hazi egin da estatu barruko kontsumoa ere: %24,43 haunditu da 2017an, 726,36 milioi eurora iritsiz: «horrekin, 2014 eta 2015eko bideari jarraitu diogu, 2016ko geldialdia gaindituz. Datua positiboa da, zalantzarik gabe, baina oraindik oso urruti gaude, 2007an lortutako emaitza onenetatik», azaldu dute.
Makina-erramintaren Bienala, datorren astean
2018rako, iazko maila berdinetan mantentzea espero du makina erramintaren sektoreak, eta egoera «egonkorra» dela nabarmendu du Xabier Ortuetak, AFM klusterreko zuzendari nagusiak: «urtea espero baino pixka bat motelago hasi da, baina egoera orokorra ona da, bai estatu mailan eta baita nazioartean ere; eta hori aprobetxatu behar dugu. Baliabideak badauzkagu, erakusteko oso lehiakorrak izan garela industriarako puntako soluzioetan. 2018koa ere ekitaldi positiboa izango da», azaldu du.
Eta urteko zita garrantzitsuenetako bat, datorren astean izango du sektoreak: Makina-erramintaren Bienal azoka jarriko dute Barakaldoko BECen, maiatzaren 28tik ekainaren 1era. Estatuko ekitaldi industrial haundiena izango da, eta 1.700 postu baino gehiago egongo dira, 2.700 produktutik gora eta 1.100 makinatik gora aurkeztuko dituztenak. Egun horietan, milaka bisitari hartuko ditu, azokaren 30garren edizioak.
Eta aurten, nobedade bat ere izango da: Bienalarekin batera, BeDigital azoka berria ere jarriko dute; teknologia digitalen aplikazio industrialera zuzendutako azoka berezia.