HERNANI ESKU PELOTA
«Faborito guztiak beste adarretik dijoaz, baina...»
Senior mailako pelotari onenekin, pausoz pauso joan nahi du Rufino Rekaldek, iazko kolpea berriro ez jasotzeko. «Zortea izan dugu zozketan», dio berak.
Datorren igandean, maiatzaren 20an, ekingo dio Hernanik, esku pelotako Herriarteko Txapelketari. Dagoeneko badakite non eta noiz: Altzon, goizeko 11:00etan. Etxeko taldea izango dute kontrario, eta Hernanin jokatuko dute bueltakoa, hurrengo asteburuan.
«Joan den urteko taldearen antzekoa daukagu aurten, baina zorte gehiago izan dugu zozketan. Ez daukagu pareta haundirik, faborito guztiak beste adarretik dijoaz eta. Baina garantiarik ez daukagu, eta pausoz pauso joan beharko dugu, iazko kolpea berriro ez jasotzeko, ezustean Zizurkilek kanporatu gintuenean», dio Rufino Rekaldek, taldeko arduradunak.
Hernaniren indargune nagusia garbi dauka berak: «nagusietan, Euskal Herriko pelotari onenak dauzkagu. Ez dut uste inork irabaziko digunik, horretan». Bost pelotari dauzka buruan, eta edozeinek jokatu dezake: Paul Ojuel eta Ioritz Arrieta aurrelariak, eta Aitor Gorrotxategi, Markel Lizeaga eta Eneko Aizpitarte atzelariak. «Zorte haundia daukagu, pelotan jokatzen jarraitzen dutelako».
Zailagoa ikusten du, kadete eta jubeniletan: «pelotari onak dauzkagu, baina ez irabazteko segurtasun hori». Unax Uitzi eta Mikel Lasa ariko dira kadete mailan, eta Xabier Salaberria eta Ekaitz Insausti jubeniletan.
Altzori irabazteko, bi kategoria horietan egongo da klabea: «Altzoko frontoia berezia da, zortzi koadro bakarrik dauzka. Beraiek ohituta daude, baina ea nola moldatzen diren gure kadete eta jubenilak...».
Hori baino lehen, hala ere, Berria Txapelketan egingo du debuta Hernanik, bihar: kiroldegiko frontoian, goizeko 11:00etan, Zeanuriko Joko Alairen kontra: «oso zaila daukagu, taldeburu ez direnetan zailena tokatu zaigu. Kadeteetan jai dugu, Euskal Herriko bigarren bikote onena daukate. Klabea jubeniletan egongo da; beraiek dira faborito, eta gureek bere bizitzako partidua jokatu behar dute... Edozein kasutan, Herriartekorako prestaketa bezala ondo etorriko zaigu», dio.
Baterako zein besterako, zaleen babesa eskatu du Rekaldek: «pena ematen du frontoiak, oso jende gutxi etortzen da. Jaialdi profesionalak ekartzeak lagunduko luke jendea erakartzen, baina Udalak ez du dirurik jarri nahi, eta guk ezin dugu arriskatu».
HERNANI PALA:
«Sekulako gogoa daukagu, oso polita izango da»
Ilusio haundiz hartu dute Herriartekoaren aurreneko edizioa, palista hernaniarrek. «Hiru modalitateetan indartsu» ikusten du taldea, Aritz Murgiondok.
«Herriaren izenean jokatzea, sortzen den giroa, partiduen ondorengo afaria elkarrekin... Oso polita da Herriarteko txapelketa, eta sekulako gogoarekin hartu dugu, palakoaren aurreneko edizioa», azaldu du Aritz Murgiondok. Eskuz aritutakoa da bera, Herriartekoan, eta ezagutzen du zer den: «Eneko Lujanbiok eta biok, jokatu genuen eskuz, eta ilusio haundia daukagu palaz jokatzeko, orain».
Buruz buru jokatuko du Murgiondok; binaka ariko da Lujanbio, Aiheko Zubimendirekin; eta banaka zazpigarren koadrora arte Iñaki Kerejeta: «talde homogeneoa gara, hiru modalitateetan nahiko talde indartsua daukagu. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta ordezkoak ere, pila bat dauzkagu. Zortzi edo bederatzi gaude jokatzeko, eta lesioengatik bakarrik ez; kontrarioaren arabera, batzuk besteak baino egokiagoak izan daitezke, ezaugarriengatik. Beste herri batzuetan, aldiz, laukotea osatzeko ere larri ibili dira, jendea hartu beharrean».
Horregatik, beldur zen, zenbat taldek emango ote zuten izena: «txapelketa jokatu zedin, gutxienez hiru edo lau talde apuntatu behar zirela esan ziguten; eta beldur nintzen, ez ote ginen iritsiko kopuru horretara. Baina azkenean, 16 herri gaude; asko harritu eta poztu nintzen».
Maila onean arituko direla espero du Murgiondok. Deba tokatu zaie aurreneko kanporaketan, final zortzirenetan: «ez ditugu ezagutzen, eta beraz, galaktikorik ez daukate. Teorian, irabazi egin beharko genuke, baina auskalo... Beti binaka jokatzen eta entrenatzen dugu, eta buruz buru edozer gerta daiteke, beste mundu bat da; are gehiago zazpiaren barruan. Binaka pazientziaz jokatu behar da, eman eta eman; eta banaka, aldiz, ahal duzun azkarren bukatu tantoa. Oso teknikoak diren palistentzat, oso aproposa da». Edozein kasutan, atzo iluntzean jokatu zuten Debaren kontrako joanekoa, Hernanin, eta hiru partiduak irabazteko asmotan ziren hernaniarrak.
Hortik aurrera ikusten du zailagoa, Murgiondok: «hurrengo kanporaketan, seguruenik Azkoitia tokatuko litzaiguke, kontrario gogorra; eta pasatzekotan, Donostia gero, zalantzarik gabe faborito nagusia. Baina espero dugu, edozeini lehiatzeko gai izatea, eta irabazteko aukera ere edukitzea».
ASTIGARRAGA ESKU PELOTA ETA PALA:
«Eskuz zein palaz, asmoa da kanporaketa bat pasatzen saiatzea»
Zumarragaren kontra ekin diote palista astigartarrek, «zalantza askorekin eta asmo haundirik gabe». Esku pelotariek, berriz, Aia edo Asteasuren kontra hasiko dute Herriartekoa: «hori pasatzea da helburua, gero Azpeitiaren kontra akabo», dio Joxe Mari Zubiarrainek.
«Helburu eta asmo haundirik gabe» ekin dio Astigarragak, Herriarteko Txapelketari; «kanporaketa bat pasatzen saiatzeko asmoarekin», bai eskuz eta bai palaz.
Ez dira oso ondo hasi gauzak, palistentzat. Ostegunean jokatu zuten joaneko partidua, final zortzirenetan, Zumarragaren kontra; eta 2-1 zuten, Zumarragan bertan. Bueltakoa, datorren astean jokatuko dute, Astigarragan.
Joxe Mari Zubiarrainek, Astigarragako pelotarien ordezkariak, aurreratu zuen «zalantza askorekin» ekingo ziotela palako txapelketari: «aurten nobedadea izan da palako txapelketa, bai paleta goman eta bai palan larruzko pelotarekin. Batean zein bestean, hiruna palista dauzkagu guk, eta bietako bat aukeratu behar genuen. Txomiñenen sarerik ez daukagunez, Perurenara joan behar genuen larruzkoarekin aritzeko, eta beraz, paleta goman eman dugu izena», azaldu du.
«Esku pelotan, jende gutxi daukagu, eta oso urruti dago, duela bi urteko finala. Aurreneko zortzi edo lau herrien artean sartzeko borroka da gurea, garai hauetan».
Eta gaineratu du: «uste genuen lau herri edo izango zirela, baina 16 gaude azkenean. Orduan, batek daki... Edozer gertatu daiteke. Ez ditugu kontrarioak ezagutzen, eta beraz, ez daukagu asmo haundirik. Baina helburua, hasiera batean, izango da kanporaketa hau pasatzen saiatzea».
Horretarako, indargune nagusi bat nabarmendu du Zubiarrainek: «Asier Salaberria daukagu gurekin, Gipuzkoako aurrelari onenetako bat, eta probintziako txapelketan finalista izan dena. Berak puntua ziurtatuko digu», uste du Zubiarrainek.
Hiru kategoriatan beharrean, hiru modalitatetan jokatuko da paleta gomako txapelketa: partidu bat buruz buru frontoi osoan, beste bat banaka baina zazpigarren koadrora arte, eta azkena binaka frontoi osoan.
Buruz buru ariko da Asier Salaberria, frontoi osoan. Zazpira artekoan, Jon Gelbenzuk jokatuko du. Eta binaka, Igor Auzmendi eta Beñat Zubiarrain ariko dira. Salaberria eta Zubiarrain, paleta goman aritzen dira; baina beste biek, ohitu behar izan dute, larruzko pelotarekin aritzen direlako normalean. Ostegunetan elkartu dira denak, entrenatzeko: «errazagoa da larruzkotik gomara pasatzea, alderantziz baino».
«Eskuz, aurreneko kanporaketa pasaz gero, Azpeitia faboritoaren kontra jokatu beharko genuke»
Kanporaketa bat pasatzea izango da helburua Astigarragaren helburua, eskuzko lehian ere: «zorte txarra izan dugu zozketan, faboritoen adarra tokatu zaigu. Aurreneko kanporaketa gaindituz gero, Azpeitia tokatuko litzaiguke, azkeneko hiru urteetako txapelduna eta faborito nagusia. Eta horretan, akabo. Maila izugarria daukate kadete eta jubeniletan, eta sorpresa oso oso haundia litzateke haiei irabaztea», dio Zubiarrainek.
Hortaz, aurreneko hezur horretan daukate jarrita burua; «aurreneko kanporaketa hori pasa, eta datorren urtean ere taldeburu izatea».
Oraindik ez dakite zein izango duten kontrario, ezagutu zain daude: Aia eta Asteasuren arteko kanporaketa irabazten duena izango da. «Asteasu da faborito, baina joanekoan Aiak irabazi zuen 2-1, ezustean. Asteburu honetan jakingo dugu zeinen kontra jokatuko dugun».
Bat edo beste pasa, kanporaketa berdindua izango dutela espero du Zubiarrainek: «Aiak irabaziz gero, gu izango gara faborito kadeteetan, haiek jubeniletan, eta nagusien mailakoa parekatuta egongo litzateke. Aldiz, Asteasuk irabaziko balu, kadete mailan egongo litzateke klabea; nagusietan gu ginateke faborito, eta jubeniletan, aldiz, beraiek. Paper zaila izango dute jubenilek, baina ahalik eta tanto gehien egiten saiatu behar dute, hori izan daitekeelako klabea».
Jokatuko duten pelotariak ere erabakita dauzka: Ekain Lizeaga eta Eñaut Lizeaga ariko dira kadeteetan; Ganix Urdangarin eta Oier Olarra jubeniletan; eta Hodei Exposito eta Jokin Santxez nagusietan.
Maila guztietan, pelotari faltan dabiltzala onartu du Zubiarrainek: «jende gutxi daukagu, kadete eta jubeniletan hiruna bakarrik, eta nagusietan bost, baina lanarekin eta ikasketekin entrenatzeko aukera gutxi daukatenak. Sufritzen gabiltza Astigarragako pelotan, kantitate aldetik oso exkax. Eskola kirolean, orain ezin dutenez konpetitu, pelotak indarra galdu du; kalte haundia egin digu. Eskolan ez dute pelota bultzatzen, eta aukeratzen dutenek, gero utzi egiten dute. Uste dut, herriak bi edo hiru kirol aukeratu eta bultzatu beharko lituzkeela, hainbeste kirol eskaini beharrean. Azkenean, futbolak jaten du dena».
Egoera horretan, onartzen du urruti daudela, duela bi urteko finaleko garaiak. Azpeitiari gogor borrokatu zioten 2016ko txapela, baina horretara iristea ia ezinezkoa ikusten du Zubiarrainek: «aurreneko zortzi edo lau herrien artean sartzeko borroka da gurea, garai hauetan».